Faktoria magazina
''Imparable hasta la medula''
Elordi Garcia: "Minbiziak dena hankaz gora jartzen dizu eta joaten denean hutsune handia geratzen da"
Ane Albisu | Eitb Media
Elordi Garcia kazetari lazkaotarrak heriotza oso hurbil ikusi zuen."Bukatu behar badu, bukatu dadila" pentsatzera iritsi zen, baina ahizparen maitasun keinu batek bultzada eman zion. Dena kontatu du, "biluztu" egin da "Imparable hasta la médula" liburuan. Ostiralean Tabakaleran izango da.
-
Elordi Garcia Insausti Euskadi Irratian
20:52 min
Elordi Garcia Insausti kazetari lazkaotarrari 36 urterekin diagnostikatu zioten leuzemia, oso leuzemia erasokor eta arriskutsua. Bizkar-hezur muineko trasplantea egin behar izan zioten eta haren ondorengoa ere oso gogorra izan zen, hainbat arazo sortu zitzaizkiolako. "Han ZIUan nengoela, oso gaizki, oso baju, denbora asko neraman eta 'bukatu behar badu bukatu dadila' pentsatzera iritsi nintzen. Ahizpa haurdun zegoen, eta niregana ez joateko gomendioa egina zioten, nik harrapatu nuen birus bat arriskutsua izan zitekeelako umearentzat, baina joan egin zen eta han ikusi nuenean, maitasun hain handiko seinalea izan zen eta barruan beste bizitza bat ari zitzaion sortzen....horrek bultzada eman zidan" kontatu digu "Faktoria" saioan.
Elordik aldarrikatu nahi du, minbizia "gainditzen" denean ez dela dena bukatzen. Horregatik esan digu "minbiziak dena hankaz gora jartzen duela, baina alde egiten duenean uzten duen hutsunea ere ikaragarria dela". "Uzten dituen aldaketak eta ondorioak onartzen joan behar duzu, bizitza ez da minbiziaren aurretik zen bezalakoa, bizi kalitatea asko murrizten da eta zenbatu beharko lirateke minbizia gainditu dugunak, ez hildakoak bakarrik, eta albo ondorioak ikertzeko eta artatzeko espezializatutako unitate bat beharko genuke osasungintza publikoan".
"Imparable hasta la médula" liburuan minbiziaren kontrako borroka, sentimenduak eta gogoetak idatzi ditu Elordik. "Biluztu egin naiz eta terapia ere izan da" esan digu. Liburua hainbat tokitan aurkeztu du, liburudendetan salgai dago eta otsailaren 4 an, Minbiziaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Tabakaleran izango da liburua aurkeztu eta jendearekin partekatzeko.