Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Oihana Goiriena: "Lasaitasun apur bat ematen didan bakarra da badakigula orain Pablo non dagoen"

I.I.B.

Pablo Gonzalez kazetaria Poloniako Rzeswow espetxean dago preso, hala azaldu du Euskadi Irratian Oihana Goiriena emazteak. Otsailaren 28an deitu zion kazetariak emazteari atxilotu zutela eta abokatuarekin harremanetan jartzeko esanez, eta ordutik ez dute bere berririk izan.

  • Oihana Goiriena, Pablo Gonzalez kazetariaren emaztea.

    Oihana Goiriena, Pablo Gonzalez kazetariaren emaztea.

    5:31 min
imagen player
imagen player
imagen player

Poloniako Rzeswow espetxean dago preso Pablo Gonzalez euskal kazetaria inolako eta inoren berririk jaso gabe Oihana Goiriena emazteak Euskadi Irratiko "Faktoria"n esan duenez. Ezin izan du kazetariarekin hitz egin otsailaren 28an atxilotu zutela esateko deitu zionetik. Poloniaren aurkako espitza lanetan aritzea leporatzen diotela azaldu du Goirienak, eta 3 hilabetez behin behinean preso egongo dela aurreratu du, ondoren epaitua izateko.

Nolanahi ere, "lasaitasun apur bat" ematen dio zehazki non dagoen jakiteak, izan ere, orain arte ez dute hori jakiterik ere lortu. Hunkituta eta arduratuta hitz egin du, abokatuak ere ez baitu Pablo Gonzalezekin berarekin hitz egiterik lortu: "Orain badakigu behintzat zein lekutan dagoen. Hori da dugun gauza positibo bakarra".

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaritzarekin kontaktuan dago, eta familia bezala, aurrerapausoak emateko ahaleginetan dabiltza. Poloniako kontsuladutik bai, baina Espainiako ministeritzatik ez dute berririk jaso. Gertatuko denaren zain, Poloniara joateko asmoa duela iragarri du Goirienak; baina noiz bidaiatuko duen jakiteko abokatuak bidaia segurua izango dela baieztatzea nahi du.