Faktoria
Langile falta ostalaritzan
Langile eskasiari aurre egiteko Kolonbiatik 50 bat ekartzeko egitasmoa lantzen ari da Gipuzkoako ostalaritza
P.G. | EITb Media
Udako kanpaina hastear da eta ostalaritza sektorean gero eta ozenago entzuten den kezka da lanerako jendea falta dutela. Ostalaritza sektoreko hainbat elkarte irtenbide bila hasi dira, tartean Gipuzkoakoa. Sektoreak bizi duen langile faltaz mintzatu gara, zerbitzariekin zein enpresariekin.
-
Udako kanpaina hastear ostalaritza sektorean gero eta ozenago kezka da lanerako jendea falta dutela
7:36 min
Udako kanpaina hastear den honetan, ostalaritzan gero eta ozenago entzuten da lanerako jende eskasiaren kezka. Horri aurre egiteko, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea egitasmo bat lantzen ari da Kolonbiatik 50 bat profesional ekartzeko. Lanketa Estatuko federazioaren bitartez egiten ari dira Migrazio eta Lan ministerioekin eta LANBIDErekin.
Kolonbiatik etor daitezkeen beharginen lanerako eta erresidentzirako baimenak Migrazio ministerioak kudeatuko ditu, baina kontratazioei bide emateko baldintzak betetezen direla ziurtatzea, LANBIDEri dagokio, alegia, hemen behargin falta dagoelako langile bila kanpora joatea beste erremediorik ez dagoela bermatzea Lanbideren ardura da, eta tramite horretan dago oraintxe gakoa ekimena atzeratzeko.
Berez, ekainean bertan ziren etortzekoak lehen behargin kolonbiarrak, baina urte amaiera arte atzeratu da ekimena. Mikel Aiestaran Gipuzkoako ostalaritza federazioko gestio zuzendariak baieztatu du "Faktoria"n"oraingoz geldituta dagoela ekimena eta bileretan dabiltzala, Lan Ministerioarekin eta Lanbiderekin. Aurrera egin eta behin Gipuzkoara iritsita, bertako ostalaritza konbenioaren aterpean egingo lukete lan beharginek.
Ostalaritza alorrean den langile falta larriari aurre egiten lagundu nahiko luke ekimenak. ELA eta LAB sindikatuetatik, ordea, salatu dute arazoa ez dela konpontzen atzerritik langileak ekarriz ,eta lan baldintzak are gehiago kaskartzea ekar lezakeela horrek.
Langile faltari buruz eta atzean dauden arrazoiez hitz egin dugu Patxi, Teresa eta Ane, sektoreko langileekin. Patxik 36 urte daramatza ostalaritzan zerbitzari gisa, Donostian. Argi du ostalaritza sakrifizioa dela, eta ez baldintzak, ez soldata, ez direla sakrifizio horren parekoak. Teresak ere eskarmentu handia du sektorean, baina beste aldean. Nabarmendu duenez, gaur egungo ostalaritzaren baldintzak zerikusirik ez dute lehengoarekin.
Gazteei dagokionez, Teresak uste du gurasoen etxean bizitzen jarraitzeak "desinzentibatu" egiten dituela ostalaritzan lan egiteko; Patxik ñabardura erantsi dio, gurasoen etxean erosoago bizi direla, eta ostalaritzan aritzeak ez diela merezi. Langile beharra nola asetu galdetuta, azkenik, etorkizuna beltz ikusi dute.