Itxi

Faktoria

Etenaldia elikadura-katean

Elikadura kate globala, atezuan

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Ukrainaren inbasioak, berotze globalak eta pandemiak nazioarteko elikagai-katea eten dezaketela ohartarazi du Faktorian Mario Zappacosta FAOko ekonomialariak. Euskal Herria ez dago salbuetsita eta eredu aldaketa behar da, EHUko Mirene Begiristain eta Mirian Otxotorena abeltzainaren arabera.

  • Gari soroa Araban

    Gari soroa Araban

    26:40 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ukraina hegoaldeko biltegietan blokeatuta dago, 400 milioi afrikarren elikaduraren oinarri-oinarria: Errusia eta Ukrainako garia. Egitpok herrialde horietako gari inportazioen % 81 hartzen du, Sudanek %75 eta Somaliak %100. Eta gerrak eta Moskuren aurkako zigor-oldeak portuetan ez aurrera ez atzera utzi dituzte milioika lagunen elikakadura-hornigaiak. Gerrak aldez aurretik larria zen egoera larriagotu duela nabarmendu du Euskadi Irratiko "Faktoria"-n Mario Zappacosta FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen erakundeko ordezkariak: "Urte amaieran iritsiko da benetako arazoa. Ekoizpen eskasiak, berriz igoko ditu prezioak. Eta lehendik jada, errekor mailan gaude. Egoera oso kezkagarria da".

"Herrialde zaurgarrienak identifikatu ditugu eta Afrika Iparraldekoak eta Ekialde Hurbilekoak dira", azaldu du, "menpekotasun handia diote gari inportazioei, gari asko erabiltzen dute eta ogi asko jaten dutelako". Baina gogoratu du herrialde inustrializatuak ere ez daudela salbuetsita: "prezioek gora egiten jarraitzen dutenean, oraindik eta egoera `zailagoan egongo dira lehendik ere justu justuan dauden familiak. Aukeratu egin beharko dute… gutxiago jan ala kalitate eskasagoko elikagaiak erosi".

Euskal Herria, sistemaren erdian

Mirene Begiristain EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko doktorea bat dator FAOko ekonomialariaren irakurketarekin eta azaldu du Euskal Herria inportazioekiko menpeko dela, "ekoizpenetik hasita etxeko mahairaino". Artoa, garia, ekilore pasta edo olioa Ukraina eta Errusiatik erosten ditugula azaldu du eta, beraz, gerraren astindua ekidin ezina dela: "Abereentzako pentsua %50-70 artean igo da eta sektorea itota dago". Marian Otxotorena abeltzainak eta Nafarroako Ekoizle Ekologikoen Elkarteko lehendakariak badaki hori: "Dena konektatuta dago eta eredu ekologikoan ari garenok ere ordaindu behar dugu erregaia".

Otxotorenak klima aldaketaren astindua nabarmendu du, era berean: "Kezkatuta gaude. Hotzetik bat bateko beroaldira pasa gara, ez du euririk egin, eta belar gutxi bildu dugu negurako. Eta negua heltzean arazoak izango ditugu abereentzako bazka lortzeko". Begiristainek erantsi du kate globaletan oinarritutako elikadura- eta nekazaritza-ereduek eurek hauspotzen dutela klima larrialdia eta, aldaketarik ezean, zurrunbiloa ez dela etengo.