Itxi

Faktoria

GALen biktimak

Brouard: "Barrionuevok gizarteari esan dio egin zutela beste erremediorik ez zutelako eta ongi zegoela"

Oihane Yustos | EITB Media

GALek hil zuen Santi Brouarden alabak, Edurne Brouardek, Jose Barrionuevok egin dituen adierazpenei buruz "Faktoria"n esan du "amorru itzela" ematen duela duen inpunitatea ikusteak.

  • Edurne Brouard, GALek hil zuen Santiago Brouard-en alaba, Faktorian

    Edurne Brouard, GALek hil zuen Santiago Brouard-en alaba, Faktorian

    8:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Minduta daude GALen biktimak. Oso minduta. Lasa familia, Zabalzatarrak, Galdeanotarrak, Brouard sendia ... zerrenda luzea da eta kasik hitz beretsuak erabili dituzte José Barrionuevo Espainiako ministro izandakoak esan dituenak sortu diena definitzeko. Negar malkotan batzuk, haserre besteak eta amorru bizian ere bai, "Faktoria"n Edurne Brouardek onartu duen moduan.

GALek 1984. urtean hil zuen Santi Brouarden alaba da Edurne eta azpimarratu du aspaldi bere familiak defendatutako tesia baieztatzen ari dela. "Ikasi dut irteten joango direla guztiak eta lasaitasunez hartu behar dut", dio, baina, aldi berean, onartzen du haserrea: '"Amorru itzela ematen du ikusteak beraiek duten inpunitatea, izan dutena".

Brouarden hitzetan, adierazpen horiekin argi gelditu da "Espainian ez dagoela justiziarik", eta eurek ez dutela batere konfiantzarik izan epaitegietan. Lasai ikusten ditu orduko arduradun politikoak "honetaz berba egiten dugu Euskal Herrian bakarrik, Espainian lasai daude denak, PPn ez die inork aurka egingo, ez Ciudadanosen ere". Astakeriak esanda ere, ezer ez dela mugituko uste du, eta Barrionuevoren hitzetan mezua ikusi du: "Orain zurikeria ez da esatea ez genuen egin, orain esan nahi dute egin genuen beste erremediorik ez genuelako eta ongi egina zegoen".

Umiliazioa

Alderdi sozialistatik egon diren salaketa bakanen artean, Rafaela Romero Gipuzkoako diputatuarena egon da. "Biktimak humiliatzeko delitua" ikusi du Barrionuevok esandakoetan. Edurne Brouard, ordea, ez dago ados; "ni ez nau umiliatzen Barrionuevok", esan du, eta berriz dio: "Argi dago berak biktimengan ez duela ezer ipini nahi, nire ustez ez du horrelako intentziorik. Asmoa da Espainiako gizarteari jakinaraztea eginakoak oinarri bat zuela eta hori ez dagoela txarto".