Faktoria
Espezie inbaditzaileak
Ziztada puztu, mingarri eta ugariak izan dituzu azkenaldian? Tigre eltxoa da!
JOne Larrañaga | EITb Media
Gipuzkoa ekialdean finkatuta dago espezie inbaditzaile hori. Donostia eta inguruetan gaizto aritu da azken aste eta egun hauetan, eguraldi bero eta euri ur pilatuak lagunduta, asko ugaldu da-eta. Botiketan stockik gabe geratu dira eta kasu ugari bideratu dituzte medikutara.
-
Aitor Cevidanes, Neikerreko animalia saileko albaitari-ikertzailea
8:03 min
2014an Behobian atzeman zutenetik, tigre eltxoa hedatzen ari da. Gipuzkoa ekialdean oso finkatuta dago eta Irundik hasi eta Donostiarako tartean gaizto ari da azken aste eta egun hauetan. Inflamazio haundia eta aparteko hazkurea eragiten duten ziztadak egiten ari da. Botika askotan uxagarriak eta kremen stocka agortu egin da eta medikutara ere bideratu dituzte kasu asko.
Aitor Cevidanes Neikerreko animalia saileko albaitari-ikertzaileak azaldu digunez, eltxo tigrea urbanita da oso, eta gizaki-zalea. Ur pilaketa txiki artifizialetan erraz ugaltzen da eta uda honetan izan dugun eguraldi bero eta euriarekin eremu egokiak topatu ditu horretarako. Antrofilikoa da gehienbat, eta gizakiari hozka eginez hazten da. Gauez bezala, egunez ere eraso egiten du, gainera.
Cevidanesen arabera, zaila izango da eltxo tigrea desagertaraztea baina populazioa kontrolatzea da orain gakoa. Etxe inguruan edo balkoiko lorontzietan ur-pilaketak sahiesteko gomendioa egin du.