Goizak gaur
Garbiñe Biurrun
"Biktimak eta delitugileak adingabeak direnez, babes berezia beharko dute guztiek"
Garbiñe Biurrun magistratuak azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako delituen aurre-kontrola etxean egitea, eta zenbat lekutan sartzeko hesiak jartzea.
-
Garbñe BIurrun
6:09 min
Ertzaintzak "Erasoak" izeneko operazioaren bidez pornografia-saioak egiteko emakume adingabeak erakartzen zituzten hiru gizonezko identifikatu ahal izan ditu, horietatik 2 adingabeak. Orain artean identifikatu dituzten biktimak Arabako eta Gipuzkoako lau neska dira, baina ikerketa zabalik jarraitzen du eta Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitekeela. Ikerketaren arabera sare sozialen bidez jartzen ziren harremanetan adingabeko neskekin, eta markako jantziak, puntako sakelakoak eta sare sozialetan jarraitzaile gehiago lortzeko aukera eskaintzen zieten eduki pornografikoa zuten zuzeneko konexioak egitearen truke. Emanaldi horietatik ateratako bideo eta argazkiak ere saltzen zituzten sarean. Garbiñe Biurrun Euskadiko Justizia Auzitegiko magistratuak "Goizak Gaur" albistegian esan duenaren arabera, sexu askatasunaren kontrako delitua da, eta "nahiko larria", gainera. Urtebete eta bost urte arteko espetxe zigorra dauka aurreikusita kode penalean, eta "are gogorragoak izan daitezke zigorrak biktimak 16 urtetik beherakoak badira, ekintzak bereziki iraingarriak badira edo adingabeen zaintza betebeharrak dituzten pertsonek egin badituzte".
Biurrunen iritziz, gainera, kasu honetan, alde bietan adingabeak izateak babes handiagoa ematea ekarriko du, bai biktimei, baina baita delitugileei ere. "Laguntza psikosoziala beharko lukete", babesa emateko, eta, prozesu judiziala martxan jartzen bada, ez ber-biktimizatzeko.
Adingabeak erakartzeko edozein amu botatzen dute, kasu honetan sakelakoak eta dirua, baina, magistratuak adierazi duenez, " legearen aurrean, berdin da zein den amua". Horrelakoak gertatzen, askotan, ez da erraza izaten adingabe horientzat gurasoengana, zaintza daukaten pertsonengana jotzea edo poliziarengana, harrapatuta senti daitezkeelako amuari heldu izanagatik. Gainera, ez da erraza izaten horrelako delituen aurre-kontrol egitea, "Internet sakonenean" mugitzen direlako, eta zaila izaten baita aztarnari jarraitzea "gaizak lehertzen ez badira". Horregatik, Biurrunen iritziz, etxeko kontrola garrantzitsua da, "hesiak edo oztopoak jartzea zenbait tokitan sartzeko".