Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Familiako ospakizunak utz ditzagun beste garai baterako"

E. JAUREGI | EITB.EUS

Donostia Ospitaleko zainketa berezietako unitateko medikuak "aste beltzak" datozkigula iragarri du eta harreman sozialak murrizteko eskatu du, beste behin ere.

  • Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikua ETBren artxiboko irudi batean.

    Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikua ETBren artxiboko irudi batean.

"Koronabirusaren transmisio asko eta asko lagunarteko bazkarietan, etxeetan egindako familiarteko bazkari eta afarietan gertatzen ari dira. Beraz, horiek guztiak, mesedez, ez egiteko eskatuko nuke", mezu argia eman du berriz ere Felix Zubia medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxean, bere iganderoko tartean.

Kutsatze datuak ikusita, bizi dugun egoera "kezkagarria" dela adierazi du: "Aste beltzak datozkigula ez daukat dudarik. Hurrengo 10-15 egunak beltzak izango dira ospitaleetan".

Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak gogorarazi du COVID-19aren zabalkundea eragozteko, maskara janztea eta distantzia errespetatzea bezain garrantzitsua dela "harreman sozialak mugatzea". "Kontuz harremanak biderkatzearekin, etxe baten bizi garenok, hau da, lau hormen artean bizi garenok, osatzen dugu bizikidetza unitate bat. Hortik kanpo, edozein pertsonarekin harremana izaten badugu, arriskua asko handitzen dugu eta arriskua bereziki handia da toki itxietan, jende asko ibiltzen denean, ongi egurastu gabe daudenetan eta jan-edanerako maskara eranzten dugunean" adierazi du.

Birusaren zabalpena "familia eta lagunarteko bazkarietan" gertatzen ari dela gogorarazi du, eta hausnarketa zorrotza egin du horren inguruan: "Nire anaia, arreba edo ahizpa beste etxe batean bizi bada, 'etxekoa' izango dut noski baina kasu honetan ez da 'nire etxekoa'; gurasoak ere ez, eta beraiekin harremanak izan behar baditugu banakakoak izan behar dute". Eta argudio horri helduz, "familiako ospakizun horiek denak beste garai baterako utzi behar" direla nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berrien inguruan, "gure buruari tranparik ez egiteko" eskatu du: "18 baldin bagara bazkari batean, ez du balio 6ko hiru mahai antolatzeak. Beharbada legea beteko dugu, baina gaixotasuna hedatu egingo da".

Behin birusa zabaldu eta gero "damutzeak" ez duela batere balio ere gogorarazi du: "gure unitateetan horrelakoak ikusten ditugu, norberak aita edo ama kutsatu ondoren damua adieraztea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.