Itxi

Osasun etxea

Koronabirusa

Zubia: "Pfizerren txertoa ziurra eta infekzio arinetarako oso eraginkorra da"

eitb.eus

Pfizer eta BioNtechen txertoari buruzko argipenak eman ditu Felix Zubia Euskadi Irratiko 'Osasun Etxea' saioko medikuak.

  • Txertoak

    Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE

    28:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak Pfizer eta BioNtech farmazeutikoen txertoa aztertu du Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Orain dela aste batzuk, enpresa estatubatuarrak txertoari buruzko iragarpen baikorrak eman zituenean, horiek propaganda zirela eta txosten zientifikoa irakurri arte itxaron behar zela ohartarazi zuen Zubia medikuak. Orain, txosten osoa aztertuta, txertoaren nondik norakoak azaldu ditu Euskadi Irratian.

Azaldu duenez, Pfizerren txertoa segurua da, eta nahikoa jendearekin frogatu da. "Txertoa ziurra da, eta oso albo ondorio gutxi ditu", esan du Zubiak.

Erresuma Batuan, txertaketa kanpaina hasi eta berehala, alergia larriak dituztenek ez jartzea eskatu zuten, dagoeneko alergikoak ziren bi pertsonarengan erreakzioa izan zuelako txertoak. Bi kasu horiek "gehiago daude lotuta txertoaren prestakuntzan erabiltzen diren gai kimikoekin txertoarekin berarekin baino", azaldu du Zubiak.

Bestalde, Pfizerren txertoa oso eraginkorra da "infekzio arinak mozteko", eta aurrerapauso horrek "transmisio katea etengo luke". Hala ere, azaldu duenez, "ez dakigu infekzioa garatu ez duenak birusa eraman duen ala ez, hori esateko goizegi delako", baina emaitza oso positiboa da Zubiarentzat.

Eraginkortasun horrekin, "ospitaleratzeak eta hilkortasuna murrizteko joera izango du" txertoak, itxura guztien arabera, hori jakiteko denbora gehiago beharko badugu ere. "Logikak dio baietz. Infekzioa murrizten bada, atzekoa ere murriztuko da", esan du Zubiak. Beraz, infekzio arinak gutxitzeak ospitaleratzeak eta heriotzak gutxiago izatea ekarriko omen du.

Medikuak esan duenez, hiru taldetan ez da nahikoa frogatu oraindik Pfizerren txertoa: 16 urtetik beherakoen, haurdunen eta immunitate gutxi dutenen artean. Zubiak uste du "ez dela onartuko haurdunei ematea", eta dagoeneko "immunitate arazoak dituztenenei ez jartzea gomendatzen da, ziurtatze printzipioagatik, horien artean ez delako nahikoa frogatu".

Pfizerren txertoa, beraz, segurua eta eraginkorra dela eta pandemiaren bilakaeran ondorio positiboak izango dituela ziurtatu du Zubia medikuak, txosten zientifikoa irakurrita. Gainera, txertoaren garapen prozesuetan "berrikuntza asko" izan direla eta, medikuntzan "iraultza" egongo dela uste du, hemendik urte batzuetara. "Material genetikoa eraldatu eta defentsak eragiteko gai izateak" bide berriak irekiko dizkigu, "minbizian, adibidez".

Bestalde, Oxford-AstraZenecaren eta Sputnik V txertoa egin duen Gamaleya institutuaren arteko elkarlana goraipatu du. "Biak birusen bidez muntatutako txertoak dira, baina zati desberdinak erabiltzen dituzte", eta bien arteko elkarlana positiboa izango da. Argitu duenez, "bigarren belaunaldiko txertoak hobeak izango dira".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena