Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Oxforden txertoa eraginkorra eta segurua dela erakutsi dute atariko emaitzek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Entsegu klinikoetatik ateratako ondorioen arabera, txertoa jarri dutenen artean ez dute inor ospitaleratu, inor ez baita larri gaixotu.

  • Oxforden txertoa eraginkorra eta segurua da

    Oxforden txertoa eraginkorra eta segurua da. Argazkia: EFE

Oxfordeko unibertsitateak eta AstraZenecak garatutako covid-19aren aurkako txertoa nahiko segurua eta eraginkorra da, hirugarren faseko atariko emaitzen arabera. The Lancet aldizkariak eman du emaitza horien berri astearte honetan.

Izan ere, Oxfordeko adituek entsegu klinikoetako ondorioak argitaratu dituzte gaur, estreinakoz. Horien arabera, txertoa jarri dutenen artean ez dute inor ospitaleratu, inor ez baita larri gaixotu.

Ondorio horretara iristeko, Erresuma Batuan eta Brasilen entseguen hirugarren fasean parte hartu zuten 11.636 pertsonen emaitzetan eta Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan egindako lau probetako parte-hartzaileen "segurtasun datuetan" oinarritu dira.

Andrew Pollardek eta Sarah Glbertek zuzendutako Oxfordeko taldeak, beraz, ondorioztatu du bi dositan jarritako txertoa batez beste kasuen % 70ean dela eraginkorra. Dosiaren kopuruak, baina, eragina du emaitzan.

Hau da, dosi oso baten ostean dosi erdi bat jarriz gero, eraginkortasun maila % 90era igotzen da; kontrara, bi dosi oso jarrita, % 62ra jaisten da.

Immunizatutako 23.745 pertsonetatik hiruk soilik jasan dituzte "albo-kalte larriak" 3,4 hilabeteko epean. Litekeena da kalte horiek txertoarekin zerikusia izatea, baina onera egiten ari dira guztiak, eta ez dituzte entsegu klinikoetako probak utzi, Oxfordeko adituek ohar batean azaldu dutenez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena