Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Oraindik ere aste batzuk falta zaizkigu eta eutsi diezaiogun"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

"Egia da okerrago egon ginela, orain hobetzen ari gara, baina ez gaude ondo" hausnartu du Donostia Ospitaleko ZIUko buruak, eta horregatik, "neurriei eusteko" eskatu die herritarrei.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko burua. Argazkia: EITB Media

    28:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Alarma egoera amaitu eta astebetera, lege babesik ezean, herritarrengan jarri dela ardura edo konfidantza berretsi du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak eta hori horrela izanda, norberak babes neurriei eusteko eskatu du berriz ere Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Azken egunotan covid-19aren intzidentzia datuak hobera egiten ari diren arren, ZIUetan egoera gordina dela oraindik erakutsi du: "guk oraindik 50 gaixo ditugu koronabirusak jota gure unitatean. Heriotzen astea izan dugu hau, egunero pertsona bat baino gehiago hil zaigu, batzuk oso gertukoak".

Gauzak horrela, pandemiaren intzidentziak datuak txarrak direla berretsi du, oso urrun gaudela 100.000 herritarreko 50 kasuren azpitik egotetik (316koa da EAEn ostiralean, eta 198koa Nafarroan), eta horregatik, derrigorrezkoa dela neurriei eustea: "Egia da okerrago egon ginela, orain hobetzen ari gara, baina ez gaude ondo".

Osasun langile gisa mugikortasun murrizketei eutsi izana gustatuko litzaiekeela adierazi du berriz ere, "are gehiago ikusirik txertaketak martxa oso ona hartu duela" baina hori gertatu ez denez, herritarrei arduratsu izateko eskatu die: "Niri pena handia ematen dit jarrita zeuden neurriak galdu izana, horren gutxi falta denean. Ulergarria da jendearen nekea baina aste gutxi batzuk falta zaizkigu, eta mesedez, eutsi diezaiogun".

Ildo horretan, eskari argia egin die herritarrei: "barrualdeetan ez bildu". Topaketak egin behar badira, ez etxeetan ezta toki itxietan ere ez egiteko eskatu du, lagun eta senideekin aire librean geratzeko, kanpoaldeetan, alegia.

Izan ere, talde immunitatea lortzeko abiada hartu den arren, oso urrun gaude oraindik %70eko helburutik (EAEko herritarren %18 inguru dago immunizatuta eta %43k du lehen dosia jarrita), eta biztanleen gehiengoa txertatzea lortu bitartean, transmisioa kateak ahalik eta gehien mugatzen saiatu beharra dagoela azpimarratu du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak asteazkenean erabakiko du AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urteko herritarrekin (irakasleak, poliziak eta ezinbesteko langileak) nola jokatu, eta horren aurrean, bigarren dosia ere AstraZenecarekin ematearen aldekoa dela berretsi du Zubiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.