Gizartea -

KORONABIRUSA

Alarma egoera amaituta, pandemiaren kontrako borrokan aro berria hasi da Hegoaldean

Gauerdian geratu da bertan behera azken sei hilabeteetan indarrean izan den ez ohiko legedia. Gaurtik aurrera, neurri eta murrizketa ezberdinak izango dituzte EAEko zein Nafarroako herritarrek.

Eguraldi onarekin hondartzara joatea da askoren desioa hemendik aurrera. Argazkia: EFE
Eguraldi onarekin hondartzara joatea da askoren desioa hemendik aurrera.
Eguraldi onarekin hondartzara joatea da askoren desioa hemendik aurrera. Argazkia: EFE

E. J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gauerdian geratu da bertan behera azken sei hilabeteetan indarrean izan den ez ohiko legedia. Mugikortasunari ezarritako murrizketa nagusiak atzean utzita, indarrean diren neurrien eraginkortasuna, txertaketaren abiada, baliabide publikoen egokitasuna eta herritarren inplikazioa izango dira gakoak covid-19aren kontrako borrokan.

Pandemiaren egoera oso kezkagarria da Hego Euskal Herri osoan, bai EAEk baita Nafarroak ere erruz gainditzen baitute "muturreko egoera" adierazten duen 100.000 biztanleko 250 kasuko langa 14 egunean (447 inguruan da EAE eta 296an Nafarroa). Kutsatze-tasa horrek isla izan du ospitaleratzeetan ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, iazko apirilaren erdi aldera zeuden gaixo kritiko kopuru antzekoak dituzte oraintxe ZIUetan.

Gauzak honela, txertaketan dago itxaropen izpia. EAEko 16 urtetik gorakoen % 37,0k jaso dute lehen dosia eta Nafarroako adin tarte berekoen % 36,0ak ere bai, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Euskadiko 16 urtetik gorako herritarren % 15,1 erabat immunizatuta dago, bi dosiak jasota, eta baita Nafarroako herritarren % 15,6a ere. Txertaketa erritmoari eutsiz gero, hurrengo 3-4 asteak erabakigarriak izan daitezke adituen ustez, pandemiari galga jartzeko.

Musukoaren erabilera, 1,5 metroko distantzia interpertsonala zein segurtasun eta higiene neurriak ezinbestekoak izateko jarraituko dute, baina mugikortasun zein bizitza sozialean, neurriak ezberdinak izango dira igande honetatik aurrera, EAEn ala Nafarroan bizi.

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean egongo diren neurriak

EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena betez, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 9tik aurrera indarrean egoteko prestatu duen dekretu berriak bertan behera utzi ditu itxiera perimetralak (bai herrietakoak, bai erkidegokoa), etxeratze agindua eta pertsonen arteko bileren mugak ere.

Aldiz, ostalaritzak, kirolak zein aisialdiak, oro har, mugak izaten jarraituko dute, orain arte baino zerbait malguagoak izango badira ere: EAEko neurriak alarma egoeraren ondoren.

Nafarroan indarrean egongo diren neurriak

Nafarroako Gobernuak hala erabakita, maiatzaren 9tik aurrera Foru Erkidegoa ez da jada perimetralki itxita egongo. Hori bai, etxeratze aginduari eutsi egingo zaio 23:00etatik 06:00etara, eta espazio publiko nahiz pribatuetako bilerak, gehienez, bi bizikidetza-unitate sei pertsonaren artean egin ahalko dira.

Ostalaritzari dagokionez, ordubete luzatuko da terrazen ordutegia, 22:00ak arte, eta aisialdi jarduerek mugak izaten jarraituko dute.

Osasun Sailaren foru agindu berrian jasotzen diren neurriak maiatzaren 20ra arte egongo dira indarrean, oraingoz: Nafarroako neurriak alarma egoeraren ondoren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia Iruñea Nafarroa EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Txertoak Koronabirus-agerraldiak