Itxi

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Eusko Label Liga

Play-offa

San Pedro, nagusi play-offeko lehen jardunaldian; Bueu izan da bigarren

A. B. E. | EITB Media

Eusko Label Ligako play-offeko 1. jardunaldia jokatu da Bermeon eta San Pedro izan da onena. Bueuk amaitu du bigarren. Beraz, talde gipuzkoarrak eta galiziarrak aurrerapausoa eman dute datorren denboraldian maila gorenean egoteko.

  • San Pedro

    San Pedroko arraunlariak, play-offeko 1. jardunaldia irabazi ostean. Argazkia: EITB Media

San Pedro izan da onena Eusko Label Ligako play-offeko lehenengo jardunaldian, larunbat honetan, irailaren 16an, Bermeon. Bueu, aldiz, bigarren postuan amaitu du estropada. Ondorioz, Gipuzkoako taldeak 5 puntu bereganatu ditu eta Galiziakoak 4.

Lehia estua eskaini dute play-offean lehiatzen ari diren 5 taldeek. Ares izan da lehena irteten, ondoren Bueuren txanda izan da, gero Lapurdi atera da, jarraian Santurtzi, eta, azkenik, San Pedro.

Lehen ziabogan Santurtzik ezarri du marka onena, San Pedrori segundo bat aterata, Bueuri 3 eta 4na Aresi eta Lapurdiri hurrenez hurren. Bigarren maniobran, ordea, San Pedro jarri da estropadaren buruan Bueuri 3 segundo sartuta eta 4na Aresi, Santurtziri zein Lapurdiri.

Beraz, lan erdietan San Pedro eta Bueu nabarmendu dira. Hala ere, estropadaren beste erdia geratzen zen, baina postuak ez dira asko aldatu. San Pedrok lehen postuan ekin dio azken luzeari Bueurekiko 3 segundoko errentarekin. Gainera, Aresekiko 5, Santurtzirekiko 7 eta Lapurdirekiko 8 segundoko abantaila izan du. Hala, bada, San Pedrok irabazi du play-offeko lehenengo jardunaldia 20:12.40ko markarekin. Bigarren amaitu du Bueuk 2 segundora, hirugarren Aresek 4ra, laugarren Lapurdik 7ra eta bosgarren Santurtzik 8ra.

Horrenbestez, San Pedrok 5 puntu poltsikoratu ditu eta Bueuk 4. Aresek 3 puntu ditu sailkapenean, Lapurdik 2 eta Santurtzik 1. Halaxe ekingo diote igandeko play-offeko bigarren jardunaldiari.

Portugaleten erabakiko da zein bi talde lehiatuko diren Eusko Label Ligan datorren denboraldian.

Play-offeko 1. jardunaldiko sailkapena:

Play-offeko 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media

Play-offeko 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media