Arrauna
Zarauzko Ikurrina
Sorpresarik gabe Zarautzen: Orio eta Arraun Lagunak garaile
G. P. A. | EITB Media
Oriok, gizonezkoetan, eta Donostia Arraun Lagunakek, emakumezkoetan, nagusitasun handiarekin bereganatu dute Zarauzko Ikurrina, eta bideratuta utzi dituzte Eusko Label Liga eta Euskotren Liga, hurrenez hurren.
-
Orio eta Donostia Arraun Lagunak garaipena ospatzen. Argazkia: Aitor Arrizabalaga | ACT
Ez da ustekabekorik izan Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldian. Orio eta Donostia Arraun Lagunak dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako trainerurik onenak, hurrenez hurren. Atzo nagusitasun handiarekin gailendu ziren biak, eta gaur beste horrenbeste egin dute Zarauzko Ikurrina bereganatzeko eta nork bere liga erabakita uzteko.
Gizonezkoen proban, Orio 12 segundoko abantailarekin atera da, atzo egindako lan onari esker, baina, sailkapenari begiratu gabe, dena ematera irten da San Nikolas ontzia. Horrela, bada, hasieratik bukaeraraino joan dira buruan, eta ondorengo postuetan ere ez da aldaketarik izan: Zierbena izan da bigarrena, Getaria hirugarrena eta Urdaibai laugarrena.
Emoziorik gabeko estropada izan da. Orioren nagusitasuna nabarmena izan da, eta gainerako traineruen artean ere ez da lehiarik egon. Ziabogaz ziaboga, Iker Zabalak entrenatzen dituen mutilak aldea handitzen joan dira. Halaber, ohi duten moduan, azken luzean erritmoa gogortu dute, eta zuloa areagotu da.
Azkenean, Oriok 19 minutu eta 47 segundo behar izan ditu bigarren jardunaldian lanak bukatzeko eta Zarauzko Ikurrina 12. aldiz eskuratzeko. Zierbena izan da bigarrena (+10), Getaria hirugarrena (+19) eta Urdaibai laugarrena (+19).
Lehenengo txandan, Donostiarra izan da azkarrena (20 minutu eta 4 segundo). Bigarrenean, berriz, Ondarroa ehunengatik gailendu zaio Lekittarrari, eta Kaikuk 50 segundoko atzerapena izan du, lehen ziabogan denbora asko galdu duelako arrauna kateatuta geratu zaiolako.
Emaitza horiek kontuan hartuta, Oriok erabakita utzi du Eusko Label Liga, eta ziurtzat eman daiteke Cabo mailaz jaitsiko dela.
Zarauzko Ikurrinaren sailkapen nagusia, bigarren jardunaldia amaitu eta gero.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.
Euskotren Ligari dagokionez, Donostia Arraun Lagunakek bereganatu du Zarauzko Ikurrina, bigarren jardunaldian ere nagusitasun handiz gailenduta. Gainera, atzo baino arinago ibili da Lugañene trainerua, eta estropada eremu horretako marka onena (2016koa) hobetu du, errekor berria ezarrita: 10 minutu eta 29 segundo.
Joana Halsouet patroiak zuzendutako kuadrilla 10 segundoko abantailarekin abiatu da, baina, hala ere, ez dute espekulatu eta indarrean atera dira. Berehala ipini dira buruan, eta aurkariek ez dute inolako aukerarik izan Arraun Lagunak estu jartzen saiatzeko ere.
Maniobraren ostean, 5 segundora zuen Tolosaldea, 4ra Orio eta 6ra Zumaia; eta bueltako luzean, zuloa gehiago handitu da, eta amaieran atzoko sailkapena errepikatu da: Arraun Lagunak, Tolosaldea (+9), Orio (+10) eta Zumaia (+11).
Juan Mari Etxaberen neskek erakustaldia emanda irabazi dute Zarauzko Ikurrina, eta Euskotren Liga bideratuta utzi dute, bukatzeko bi jardunaldiren faltan. Bigarren posturako, berriz, lehia izango dute Oriok eta Tolosaldeak.
Donostiarra da azken-aurrekoa sailkapen nagusian, eta, gaur-gaurkoz, Hondarribia jaitsiko litzateke mailaz.
Zarauzko Ikurrinaren sailkapen nagusia, bigarren jardunaldia amaitu eta gero.
Euskotren Ligako sailkapena.



