Arrauna
Sailkatze-estropada
Kontxako Banderan egoteko borrokan arituko dira traineruak
Isusko A.B.
Talde askoren jomuga Kontxa irabaztea da; 'arraunaren olinpiadetan' sartzea, beste askorentzat, saria. Gaur arratsaldean jokatuko da sailkatze-estropada, zuzenean ETB1en eta eitb.eus-en.
-
Hondarribia, 2013an garaile. EFE
Gaur arratsaldean jokatuko da Donostian Kontxako Banderaren sailkatze-estropada. 24 talde gizonezkoetan eta 8 emakumezkoetan nor baino nor ibiliko dira igandeko estropadan izateko.
Emakumeak 17:30ean jarriko dira lanean; Cabo, Hibaika, Orio, Meira, San Juan, Santoña, Zarautz-Getaria eta Zumaia taldeetatik lau besterik ez dira sailkatuko.
Ondoren gizonezkoen estropada jokatuko da; traineruak bi multzotan banatuko dira eta zazpik lortuko dute txartela:
A multzoa: Astillero, Urdaibai, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Pedreña, Tiran eta Zierbena.
B multzoa: Amegrove, Castreña, Mugardos, Getaria, Lekittarra, Ondarroa, Santurtzi, Meira, Santoña, Trintxerpe, Zarautz eta Zumaia.
Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Kaiku dira faborito dagoeneko sailkatuta dagoen Donostiarrarekin batera sailkatzeko. Beste hiru postuetarako lehia polita biziko da.
Sariak
Gizonezkoetan garaile suertatzen den klubak 24.000 euro jasoko ditu eta emakumezkoen kasuan, 10.000.
Ordutegia
17:30ean hasiko da emakumezkoen sailkatze-estropada, eta ondoren gizonezkoa jokatuko da. ETB1ek eta eitb.eus-ek 16:30etatik eskainiko dute saio berezia.
Igandean 10:45ean hasiko da programa Kontxako Banderaren lehen jardunaldiaz gozatu ahal izateko.