Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Hondarribia jaun eta jabe izan da Pasaian

Agentziak | Erredakzioa

Adegi Bandera irabazi dute, Urdaibairi sei segundo aterata, eta Zierbena izan da hirugarren. Euskotren Ligan, San Juanek 26 ehunenengatik menderatu du Hibaika.

1:42

Hondarribiak Eusko Label Ligako lidergoaren lehian sartuta jarraitzen du Pasaian, Urdaibai egungo liderra bera ere menderatuta. Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira Adegi Banderan, eta 2011. urtetik bosgarrenez gailendu dira Pasaiako uretan.

Oriorekin itxaropen handia zuten, larunbatean Santanderren garaipena lortu ostean, baina Pasaian garaipenerako lehia bi ontziren gauza izan da: Urdaibai eta Hondarribia.

Ligako bi oilarren arteko lehiak ez du etenik izan. Bermeotarrak aurretik iritsi dira estropadaren erdialdera, bi segundoko aldearekin, baina azken luzean Hondarribiak hegaz egin du, liderra harrapatu eta sei segundoko abantailarekin iritsi da helmugara.

Estropadako hirugarren postua Zierbenak lortu du, bigarren txandan aise gailenduta, Caboren, San Juanen eta Tiranen aurretik.

Lehenengoan, Ondarroa nagusitu da, eta San Pedro, Ares eta Astillero helmugaratu dira ondoren.

Lehia estua Euskotren Ligan

Emakumezkoen Ligan, San Juanek lortu du garaipena, Hibaikarekin lehia estua izan ondoren: 26 ehuneneko aldea izan da bi ontzien artean. Orio izan da hirugarren, 21 segundora, eta Arraun Lagunak, berriz, laugarren, 27ra.