Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

El Correo Ikurriña

Santurtzi eta Arraun Lagunak nagusi, Lekeition

Agentziak | Erredakzioa

Sotera jaun eta jabe izan da ohorezko txandan, Oriori 13 segundo aterata. Euskotren Ligan, Arraun Lagunakek Orio mendean hartu du azken luzean, Orio baino 5 segundo gutxiago eginda.

1:54
Santurtziko arraunlariak, pozez gainezka, estropada amaitu berri

Santurtzik eta Arraun Lagunakek ezustean harrapatu dituzte euren ligetako faboritoak eta garaipena lortu dute Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadetan. Lekeitioko urak lagun izan dituzte denboraldiko lehen garaipenak eskuratzeko.

Jardunaldia Euskotren Ligako estropadarekin hasi da. Arraun Lagunakek lortu du garaipena, bigarren luzean ordura arte aurretik joan den Orio gaindituta. Oriotarrak nagusi izan ziren larunbatean Santanderren jokatutako estreinakoan, eta gaur bigarren garaipenaren bila atera dira, baina donostiarrak geldiezin aritu dira azken luzean.

Lehenengo bien atzetik sartu dira Donostiarra eta Hondarribia.

Lehen bi jardunaldiak jokatuta, Euskotren Ligako sailkapen nagusiko lehen postuan bi traineru daude, Arraun Lagunak eta Orio, zazpi punturekin. Ondoren, Donostiarra dago, lau punturekin, eta azkenik Hondarribia, bi punturekin.

Hurrengo asteburuan beste bi jardunaldi jokatuko dituzte, Galizian, Coruñako uretan.

Santurtzi Oriori gailendu zaio

Eusko Label Ligako estropadari dagokionez, Soterak lasterketa ikusgarria egin du, lehia hasieratik menderatuta. Bizkaitarrek historiako lehen garaipena erdietsi dute TKE Ligan.

Lehen bi luzeetan Orio izan da Santurtziren erritmoari eusteko gai izan den bakarra, baina hirugarren ziabogaren ostean, Soterak estropada hautsi eta aldea nabarmen handitu du. Horrela, helmugan 14 segundo atera dizkio Oriori.

Bigarren postuari esker, gipuzkoarrak sendo dira Eusko Label Ligako lidergoan, eta zazpi puntuko aldea dauka orain Hondarribiarekin (laugarren izan da Lekeition, Donostiarraren atzetik).

Lehenengo bi txandei dagokienez, Kaiku jaun eta jabe izan da lehenengoan, eta Donostiarrak aise irabazi du bigarrena.