Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Pronostiko argia

Kontxako Bandera 2011: Estropada erabakigarria

Erredakzioa

115. Bandera honen irabazlea erabakita dago. Hondamendirik ez badago, Bermeorantza egingo du Banderak. Hala ere, erne, Donostian dena da posible eta. Nesken estropada, berriz, estu baino estuago da.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Urdaibai, Kaiku, Pedreña eta Donostiarra bigarren txandan arituko dira igande honetan Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Ez gara nahastu lehehengo jardunaldiarekin eta txandak errepikatu. Halaxe gertatuko da bigarren jardunaldi honetan.

Kontxak eta Kantauri Itsasoak horrelaxe nahi izan dute. Igandeko ekaitzak lehenengo txandako lau traineruen denbora hobeak eragin zituen. Gainerako lau traineruek (Astillero, Hondarribia, San Juan eta Tiran) ezin izango dute Bandera lortu. Bigarren jardunaldia irabaztea izango dute helburu bakarra. Kontxaz ari garela kontuan hartuta, ez da sari txikia.

Urdaibaik irabaziko du Kontxa. Inor ez da ausartzen bestelakorik esatera. Bermeokoek 33 segundoko errenta atera zioten bigarren izan zen Kaikuri eta aldea erabakigarria dirudi. Lehia izango da, seguru, baina Banderaren erdia Bermeon da dagoeneko. Bizkaitarrei azken ahalegina besterik ez zaie falta.

Nesken lehia, bizi-bizi

Emakumezkoen Banderan, guztiz kontrakoa. Lehenengo jardunaldiak ez zituen zalantzak uxatu. Zumaia, Galicia eta Getaria-Tolosa erabateko orekan daude. Zumaiarrek irabazi zuten aurreneko jardunaldia baina Galiciak eta Getaria-Tolosak lau eta bost segundora, hurrenez hurren, gelditu zuten erlojua. Bizkaia aukerarik gabe gelditu zen, irabazleengandik 45 segundora.

Aurreneko hiru traineruen artean dauden bost segundoek emozioa ziurtatzen dute. Kasu honetan, gutxi dira irabazlearen izena ematen ausartzen direnak.

Lehen jardunaldiko denborak:


1 BERMEO-URDAIBAI / UMPRO-ENEGAS-AVIA 21:29,86
2 KAIKU AMBILAMP 0:33,56
3 S. D. PEDREÑA 0:54,70
4 DONOSTIARRA 1:30,60
5 ASTILLERO 2:21,62
6 HONDARRIBI ORSA 3:03,74
7 SAN JUAN - IBERDROLA 2 3:04,16
8 TIRAN - PEREIRA / O PIRATA 3:20,52

Emakumezkoen lehen jardunaldia:

1 .- Zumaia 00:11.07
2.- Galizia 00:04.32
3.- Getaria-Tolosa 00:5.02
4.- Bizkaia 00:45.94