Arrauna
Bigarren estropada
Hondarribia eta Orio, faborito nagusiak Kontxako Banderan
Agentziak / Erredakzioa
Gizonezkoen artean, Hondarribia da faborito nagusia. Atzetik, Zierbenak irabazteko aukera ere badu. Emakumezkoetan, aldiz, Orio da faborito nagusia eta Donostiarra bi segundora da.
-
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia zuzenean, 09:45etatik aurrera, ETB1n eta eitb.eus-en
Hondarribiako trainerua da faborito nagusia gizonezkoen mailan Kontxako Bandera irabazteko. Emakumezkoetan, aldiz, Orio da faboritoa. Iaz Kontxan astindu zuen bandera esku artean izan nahi du berriro Euskotren Ligako txapeldunak.
Lehenengo jardunaldiak emaitza esanguratsuak utzi zituen gizonezko traineruen artean. Hondarribiak bandera irabazteko aukerak indartu zituen bertan. Atzetik, Zierbena ere lehian izango da.
Santurtzik eta Oriok, ohorezko txandarako sailkatu ziren beste bi traineruek, urrun dute garaipena. Izan ere, 20 segundo inguruko aldea dute kontran.
Emakumezkoetan, Orio da bandera irabazteko faboritoa. Atzetik, eta oso gertu, Donostiarra dugu, bi segundora.
2020ko Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia zuzenean, igandean, 09:45etatik aurrera, ETB1n eta eitb.eus-en.