Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Kirolak

Donostiako Bandera, bertatik bertara eta zirrara biziz, gaur, EITBren eskutik

EITB media

Urteko kirol hitzordu garrantzitsuenaren telebista eta irrati emankizuna egiteko 50 profesionaletik gora arituko dira lanean igandean Donostian. Lehiaren zirraraz gain, irudi ikusgarriez gozatuko dugu, lurrean, itsasoan eta airean kokatutako 14 kamerei esker.

  • Kontxako Bandera 2021.

    Kontxako Bandera 2021.

Gaur jokatuko den Donostiako Bandera bertatik bertara eta zehaztasun osoz jarraitzeko aukera izango dugu EITBren eskutik. Arraun denboraldiko hitzordu garrantzitsuena dela jakinda, urtez urte errekurtsoak gehituz doa EITB, emanaldi landuagoak eskaintzeko ahalegin berezia eginez. Bestalde, bigarren urtez pandemiak Donostian bertan estropada ikustea eragotziko digunez, EITB Taldeko hedabideen bitartez probaren ikusgarritasun eta zirraraz gozatzeko aukera izango dute herritarrek: ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan.

40 profesional telebista emankizunerako lanean

ETBk telebista bidez zuzenean egiten duen urteko emanaldi garrantzitsuena da Donostiako Bandera. Bezperan hasten dira azpiegitura prestatzen eta igandean, egunak argitu orduko, jartzen da makinaria guztia martxan. 

Hiru ordu eta erdiko zuzeneko saioa egiteko 40 profesional inguru arituko dira lanean: errealizazio taldea, kameralariak, soinu teknikariak, kazetariak, produktoreak, ingeniariak… 

14 kamera erabiliko dira, sei lurrean eta zortzi itsasoan eta airean, estropadaren ikuspegi ezberdinak erakusteko. Horien artean berritzaileena traineruen popan kokatutako kamera dugu. Txanda bakoitzean, aurreko astean denbora onena egin zuten bi traineruek eramango dute Popakam-a. Honi esker eta traineruan jarritako mikrofonoen bitartez, arraunlarien ahotsa, arnasa hartzeak eta oro har euren esfortzuaren gordintasuna jasoko dute ikusleek, traineruan bertan egongo balira bezala. Audio hau irrati emankizunetan ere entzun ahal izango dugu. 

Bestalde, aurten lehen aldiz, Kontxako badiako itsas ondoko batimetriak erakutsiko ditu ETBk, denboraldi honetako arraun emankizunen kontakizuna aberasteko AZTIrekin egindako aliantzari esker. Urpeko infografia hauen bitartez harkaitzek, korronteek, itsasgora eta itsasbeherek, eta beste elementuek estropadan izan dezaketen eragina aztertzen da. Donostiako Banderaren kasuan, Santa Clara irlatik gertuen (1. kaletik) arraun egitea egokitzen zaion traineruak desabantailaz jokatzen duela esan ohi da, ur azpiko elementu horien eraginez. Batimetrien bitartez, momentuan bertan eta zuzenean ikusleari ulertaraziko zaio traineruei gertatzen ari zaiena. 

Helikopterotik hartutako irudien bitartez estropadaren ikuspegi orokorra jasoko dugu, arraun-ontzi bakoitza bere kaletik al doan, ziaboga ondo egin al duen, itsasoaren egoera…

Bestalde, Donostiako portuan lehiaz gozatzeko aukera izango duten zaleen irudiak erakutsiko dira Ginbal kamera egonkorraren bitartez. Haririk gabeko kamera hau jende artean sartuko da, ikuspuntu subjektibo eta modernoa eskainiz. 

Azkenik, sari banaketako irudiak esklusiban eskainiko ditu ETBk eta irabazleak Ciudad de San Sebastian itsasontzian bertan elkarrizketatuko ditu.

Kirol emankizuna datuekin osatuko da: estatistikak, emaitzak, sailkapena, denborak, historikoa, traineruen momentuko GPS posizionamendua (infografia bidez) eta haizea (katamaranean kokatutako anemometroaren bitartez).

ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dugun telebista emankizunaren errealizazio burua Antxon Aldekoa izango da. Asier Oribe errealizadorea eta Juanan Legorburu kazetaria izango ditu laguntzaile. Kontakizuna Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik, Sara Gandarak eta Xabier Anduezak egingo dute. Eta estropada amaitutakoan, saio berezia egingo dute udaletxean kokatutako set-etik protagonistekin eta gonbidatu bereziekin.

Donostiako Bandera EITBko irratietan

Euskadi Irratiak zein Radio Euskadik igandeko lehen albistegietatik Donostiako Bandera izango dute hizpide nagusi. Lehengo orduan, 08:00ak bueltan egingo dituzte lehengo konexioak kale zozketen berri emanez.

Euskadi Irratiak saio berezia egingo du 09:50etik 13:00etara, Kepa Iribarrek zuzenduta. Manu Maritxalarrek egingo du, ohikoa denez, kontakizuna, Maialen Arrazola, Patxi Egurrola eta Joseba Fernandez adituen laguntzarekin. Horrez gain, ertz guztietatik kontatuko dute estropaden inguruan gertatzen dena. Iñaki Berastegik traineruen itsasoratzeak eta lurreratzeak portuko arrapalatik jarraituko ditu eta Naiara Olaizola EITBren ontzitik arituko da, protagonistetatik gertu. Arratsaldeko "Hiru Erregeen Mahaia" saioan irabazleak zuzenean elkarrizketatuko ditu Jon Altunak.

Radio Euskadin, egun handiaren bezperan, traineruen azken orduaren eta EITBk egingo duten jarraipen bereziaren berri emango dute. Igandean, 09:45ean hasi eta 14:00ak bitartean, irratsaio berezia egingo dute Alderdi Eder lorategitik Asier Kareagaren gidaritzapean. Mikel Ojeda eta Nagore Osoro (2013an Zumaiarekin Kontxako Banderaren irabazle eta egun Ondarroako patroia) adituak izango ditu alboan. Jagoba Arostegi portuko arrapalan egongo da eta Diego Arambalza, berriz, EITBren ontzian. Alberto Negrok koordinatuko du emankizuna Bilboko estudioetatik.