Itxi

Beste kirolak

Igandean, zuzenean

Sei aizkolari lehiatuko dira Bilbon, Sherpa.ai txapelketa berria irabazteko

Agentzaik | Erredakzioa

"Bide berri bat hasteko erabakia hartu genuen gure kirola etorkizunera begira jartzeko, eta txapelketa hau gure batasunaren emaitza da”", esan du Iker Vicente txapeldunak.

  • Txapelketako parte-hartzaileak

    Txapelketako parte-hartzaileak. Irudia:ETB.

Gaur egungo sei aizkolaririk onenek indarrak neurtuko dituzte igandean Bilbao Arenan 'Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia' izeneko lehiaketa berriaren txapela irabazteko. Txapelketa aizkolariek beraiek abian jarri dute, aizkolaritza "modernoa eta profesionala" garatzeko helburuarekin.

Lehia zuzen-zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eusek.

Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu dira lehian arituko diren seiak, iragan urriaren 24an Zestoan egindako sailkapen proban finalerako txartela lortu ostean.

Finala 12:00etan hasiko da Miribillan, eta txanda bakarrean jokatuko da. Sei aizkolariek sei enbor moztu beharko dituzte: 54 hazbeteko lau (40 zm diametro), 60 ontzako lau (44 cm diametro) eta 72 ontzako lau (53 zm diametro).

Lan horren erdia egingo dute Larrea III.a, Corchero, Jauregi, Aratz Mugerza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV.a eta Julen Kañamares aizkolariek, bigarren mailako finaleko protagonistak. Lehen mailara igotzeko aukera izango dute jokoan.

"Guztiontzat hain zaila izaten ari den urte honetan, aizkolariok bide berri bat zabaltzeko erabakia hartu genuen, gure kirola etorkizunari begira jartzeko. Eta txapelketa hau gure batasunak emaitzak ematen dituela frogatzen du. Ilusioz gainezka gaude final honekin", azpimarratu zuen Iker Vicente 2019ko Euskal Herriko txapeldunak, aurkezpen ekitaldian.  

Aizkolaritza eraberritzeko

Aitzol Atutxa bizkaitarrak, 2014 eta 2018 urteen artean aizkolaritzan jaun eta jabe izandako kirolariak, adierazi zuen ekimen honen bitartez bera eta bere kideek “kultura eta kirol txikietan aurreiritziak eta inbidia pertsonalak alde batera uzteko garrantzia” demostratu dutela.

"Belaunaldi honetako aizkolariak kirolari profesionalak gara, maila guztietan prestatzen gara, beste kirol arloetako kirolariek bezala. Gure helburua aizkolaritza zabaltzea eta eraberritzea da. Eskatzen dugun gauza bakarra horretarako aukera ematea da", gaineratu zuen.