Itxi

Beste kirolak

Igande honetan

Nolakoa da 2021eko Behobia-Donostia lasterketako ibilbidea?

EITB MEDIA

Aurten irteera mailakatua izango da, korrikalariak 19 taldetan banatuz eta bakoitzari ordu bat emanez ibilbidea hasteko. Lehen taldea 09:55ean irtengo da.

  • Behobia-Donostia lasterketako aurreko edizio bateko parte-hartzaileak

    Behobia-Donostiak 20 kilmetroko ohiko ibilbidea izango du. Argazkia: EFE.

25.000 pertsonatik gora bilduko ditu aurtengo Behobia-Donostia lasterketak. Ibilbideak, ohikoa denez, 20 kilometroko luzera izango du. Aurten irteera mailakatua izango da, korrikalariak 19 taldetan banatuz eta bakoitzari ordu bat emanez ibilbidea hasteko. Lehen taldea 09:55ean irtengo da.

Hauek dira 20 kilometro horien xehetasunak:

1. kilometroa: Irteerako zuzengunea Bidasoa ibaiaren ondotik. Guztiz laua, azken metroak izan ezik.

2. kilometroa: Irungo erdialdera helduko gara aldapa leun batetik.

3. kilometroa: Erdialdetik urruntzean, aldapa gogortu egiten da Irungo Bentetarako bidean. Bertan, igoera eta jaitsiera txikiak daude.

4. kilometroa: Arretxe gaina 3,4. kilometroan igaro ostean, aldapa behera goaz, Irun atzean utzita.

5. kilometroa: Aldapa behera jarraitzen dugu. Une aproposa da arnasa lasaitzeko, Gaintxurizketako igoerari heldu aurretik.

6. kilometroa: Gaintxurizketako igoeraren hasiera. Aldapa laburra, baina gogorra errepide nagusira sartzeko.

7. kilometroa: Gaintxurizketako igoeraren zati nagusia (2 kilometroko aldapa %3 ko bataz besteko maldekin).

8. kilometroa: Gaintxurizketa gainera heltzeko azken metroak. Ondoren. 3 kilometroko jaitsiera luzea hasiko da Errenteriarantz.

9. kilometroa: Jaitsieraren zati nagusia (% 3ko bataz besteko aldapa).

10. kilometroa: Aldapa beherak jarraitu egiten du, eta Lintziringo merkatalgunetik igaroko gara, lasterketaren erdialdean.

11. kilometroa: Errenteria kanpoaldeko auzoetara iritsiko gara, oraindik maldan behera goazela. Orduan, ibilbideko gunerik lauenean sartuko gara (2 kilometro).

12. kilometroa: Tarte guztiz laua Errenteriako zumardirako bidean.

13. kilometroa: Errenteria erdialdetik igaro ondoren, Kaputxinoen igoerari ekiteko txanda izango da. Kontuan hartzeko moduko igoera da, laburra den arren (450 metro, % 5eko bataz besteko maldekin).

14. kilometroa: Kaputxinoetako azken metroak (gogorrenak), eta Pasaiarako jaitsiera.

15. kilometroa: Buenavistako igoera eta jaitsiera txikia (Donostiarako sarrera).

16. kilometroa: Altza eta Herrerako auzoetatik zehar Mirakruz gainerantz hurbilduko gara. Igoera prestatzeko kilometroa da.

17. kilometroa: Mirakruzeko igoera (1,5 kilometro, % 3 bataz besteko aldapekin). Kilometro honen bukaeran Donostiarako jaitsiera luzea hasiko da Ategorrieta Hiribidetik.

18. kilometroa: Gros auzorako jaitsiera zuzen eta luzea.

19. kilometroa: Zurriola hondartzarako zuzengunea Nafarroa Hiribidetik, goranzko joera duen tartean.

20. kilometroa: Erabat laua den azken zuzengunea. Zurriola Hiribidea, Kursaal jauregia, Kursaal zubia eta Boulevardeko Zumardia eta helmuga.

(Iturria: Behobia-San Sebastian)