Gizartea -
Azaroak 14
Trafiko aldaketak, Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa dela eta
Donostia eta Behobia (Irun) artean zein Gipuzkoako hiriburu barruan ibilgailuen trafikoak aldaketa handiak izango ditu igandean, 05:00etatik aurrera.
EiTB Media
Donostia eta Behobia (Irun) arteko ibilgailuen trafikoak aldaketa handiak izango ditu igandean, azaroaren 14an, Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez.
Horrela, 06:20tik garbiketa-lanak amaitu arte itxiko da GI-636 errepidearen zatia, Irunen, Oxinbiribileko eta Zaisa IIIko biribilguneen artean eta bi noranzkoetan, era guztietako ibilgailuentzat. Ordezko desbiderapen bat ezarriko da autoentzat Irungo 54 industrialdetik, eta ibilgailu astunentzat AP-8 autobidetik.
08:15etik aurrera, proba Gaintxurizketa gainetik igarotzean, bypass bat ezarriko dute: bidearen zati bat (Irunerako noranzkoan) parte-hartzaileak Errenteriarantz bideratzeko erabiliko da; bestea (Donostiarako noranzkoan) ibilgailuen zirkulaziorako, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Gaintxurizketa-Lezo).
Une berean, 08:15etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko da zirkulaziorako 7,9 kilometro-puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 2,5 kilometro-puntuaren (Altamira) arteko tartean. Ordezko desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean, Altamirako biribilgunera arte, eta handik berriz konektatuko ahal izango da GI-636 errepidearekin, Don Bosco tunelaren eremuan.
Parte-hartzaileen kopuru handia dela-eta (25.000 lagunek eman dute izena), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidean trafikoa denbora luzean egongo denez etenda, gomendatzen da beste errepide batzuk erabiltzea Irun, Donostia eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako.
Era berean, Donostiako Udalak ohartarazi duenez, lasterketa dela eta, hirian eragin nabarmena izango duten ezinbesteko trafiko neurriak hartu beharko dituzte. Horregatik, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.
05:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte ezin izango da sartu Boulevard Zumardira Legazpi kaletik.
Peñaflorida kalea ibilgailu mota guztietarako moztuta egongo da 05:00etatik 17:00ak arte. Lasterketa amaitu arte, ibilgailu partikularrak (bertakoak izan ezik) ezin izango dira Boulevardera sartu Askatasun hiribidetik.
Zurriola hiribidea, Lapurdi plazatik, itxita egongo da 8:30etik 9:00etara azken kilometroko arkua muntatu ahal izateko. Eta 9:30etik desmuntaketa lanak amaitu arte, 15:15ean gutxi gorabehera.
8:30etik aurrera Buenavista eta Herrera arteko biribilgunea itxita egongo da Behobia Gaztea lasterketaren irteera prestatzeko.
9:30etik 15:00etara lasterketaren ibilbidea errazteko asmoz, itxiko dira zentrorako norabidea duten honako kaleak: Jose Elosegi, Ategorrieta, Nafarroa, Zurriola eta Boulevarda. Hiriko irteerek ez dute aldaketarik jasango eta gainerako bideak irekiak egongo dira.
Ulia pasealekuko bizilagunek, 9:30etik 13:00etara, Mendiola bidetik Herri Ametsa Ikastolara iritsiko dira eta bertatik Bidebietara.
Azkenik, gomendatzen da ekialdetik atera nahi duten hiritarrek edo Altzara joan nahi dutenek Intxaurrondotik, Otxoki pasealekua eta saihesbidea erabil dezatela.