Itxi

Beste kirolak

MUNICHEKO EUROPAKO TXAPELKETA

Irati Mitxelena ez da luzera-jauziko finalean sartu

BASQUE TEAM | EITB MEDIA

Ezin izan du gainditu luzera jauziko sailkapena: hamabosgarren postuan amaitu du, 6.36ko markarekin.

  • Irati Mitxelena, jauzietako batean

    Irati Mitxelena, jauzietako batean-. Argazkia: Basque Team

Irati Mitxelenak, Basque Teameko bikaintasun-proiektuko kideak, ezin izan du gainditu luzera jauziko sailkapena: hamabosgarren postuan amaitu du, 6.36ko markarekin.

Municheko Estadio Olinpikoan, kirolariek hiru saiakera zituzten finalerako sarbide zuzena ematen zuten 6.75 metroak lortzeko, edo 12 onenen artean sartzeko, hori izango baita dominak lortzeko lehiatuko den atleta kopurua.

Mitxelena, Europako txapelketa absolutu batean debuta egin duena, A multzoan lehiatu da. Kalitate handiko taldea izan da egokitu zaiona; bertan hiru lehiakidek gainditu dituzte 6.75 metroak. Malaika Mihambo alemaniarrak 6.99 metroko jauzia egin du, Maryna Bekh-Romanchuk ukrainarrak 6.87koa eta Milica Gardasevic serbiarrak 6.83koa.

Iratik 6.14 metroko saltoarekin ekin dio lehiari, eta 6.34 metroko beste jauzi bat egin du ostean. Hirugarren jauzia egiteko, baina, denbora nahikotxo itxaron behar izan du. Lehenik eta behin, estadioaren arreta ibilketako finalean eta 1.500 metroko emakumezkoen serieetan egon da uneren batean. Gero, luzera jauziko sailkapenari berriro ekin ondoren, geldialdi txiki bat izan da berriro, Iratik hirugarren jauzia egin behar zuen unean.

Geldialdiak eta haize-bolada aldakorrek ez diote lagundu gipuzkoarrari, baina hirugarren eta azken saiakeran, Iratik 6.36ko marka lortu du, eta nahiz eta finalean sartzeko balio ez izan, oso pozik bukatu du.

"Egia esan, helburua beteta dago. Hauek dira nire lehen Europako txapelketak eta oso pozik amaitu dut egindakoarekin. 6.36tik gora salto egin nezakeela uste dut, baina oso balorazio positiboa egiten dut Europako Txapelketan izan dudan parte-hartzeari buruz", adierazi du.