Itxi

Beste kirolak

GAUR, OSTIRALA, 21:00ETAN

Bera Berak garaipena behar du gaur, Elxen aurka, finalerdia berdindu eta hirugarren partida behartzeko

EITB MEDIA

Donostiako taldeak, Gascako zaleekin batera, Atticgo Elx menderatu behar du, aurkariak kanporaketako lehen norgehiagokan lortutako garaipena berdintzeko. Neurketa 21:00etan hasiko da, eta ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean izango da ikusgai.

  • Liga irabazteko lehian jarraitu nahi du Bera Berak. Argazkia: Bera Bera.

    Liga irabazteko lehian jarraitu nahi du Bera Berak. Argazkia: Bera Bera.

Super Amara Bera Berak garaipena behar du gaur gauean, Gascan, Atticgo Balonmano Elxen aurka, Guerreras Iberdrola Ligako finalerdietako kanporaketa berdindu eta, horrela, kanporaketako hirugarren partida behartzeko. Gaurkoa irabaziz gero, hirugarren neurketa hori igandean jokatuko lukete, eta garailea finalerako sailkatuko litzateke. Zale guztien babesa izango dute Imanol Alvarezen jokalariek. Lehen partida irabazita (28-27), Elx aurretik dago finalerdi honetan, oraingoz. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute neurketa, Gascan izateko aukerarik ez dutenek ere Bera Berarekin goza dezaten, 21:00etan hasita.

Imanol Alvarez entrenatzaileak berak oso argi esan zuen asteazkenean, komunikabideen aurrean, ostiraleko partida erabakigarriaren atarikoan: "Finala izango balitz bezala jokatu behar dugu". Garaipena ezinbestekoa da Bera Berarentzat, Ligako titulua irabazteko lehian jarraitu ahal izateko. Kopan Gipuzkoako taldea gailendu zen apirilean, Malagan, finalean Granollers mendean hartuta, baina Bera Berak Liga ere nahi du.

Kopako final-laurdenetan, hain zuzen, Elx izan zuen aurkari Bera Berak, eta argi garaitu zuen orduan, 36-24. Orain, ostiralean, Imanol Alvarezen taldearen asmoa izango da finalerdiko lehen partidako azken minutuetan erakutsitako joko onari jarraipena ematea; izan ere, Elxen, etxeko taldea ia norgehiagoka osoan izan zen aurretik markagailuan, baina Bera Berak asko estutu zuen azken minutuetan, eta partida luzapenera eramatetik oso gertu egon zen.

Bera Bera-Elx neurketa gaur, maiatzak 19, jokatuko dute, 21:00etan, Gasca pabiloian, eta eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute.