Itxi

Beste kirolak

Guerreras Iberdrola Liga

Super Amara Bera Berak mendean hartu du Valladolid final-laurdenetako lehen partidan (27-34)

EITB Media

Gipuzkoarrek ez dute huts egin fase erabakigarri honetako lehen neurketan, eta Caja Rural Aula Valladolid garaitu dute, finalerdietarako lehen urratsa emanez.

  • Super Amara Bera Bera vs Valladolid Argazkia: @BalonmaBeraBera

    Super Amara Bera Bera vs Valladolid Argazkia: @BalonmaBeraBera

Titulurako play-offetako joaneko partidan, Super Amara Bera Berak lehen bi puntuak lortu ditu Caja Rural Aula Valladolid mendean hartuta, lehen zati bikainari esker (10-17). Bigarren zatian, berriz, etxeko taldearen erantzunari eutsi dio garaipena lortzeko (27-34).

Bera Berak beste martxa batekin ekin dio neurketari Huerta del Reyra egin duen bisitan, Esther Arrojeria jokalariaren eskutik; izan ere, erdiko jokalariak markatutako erritmoari Boada, Lyndie Tchaptchet eta Carmen Arroyo taldekideek lagundu diote, eta bisitariek partidaren ekimena hartu dute.

Caja Rural Aula Valladolidi asko kostatu zaio partidan sartzea, bisitariak oso sendo eta hutsik gabe aritu baitira kontraerasorako trantsizio azkarretan. Lehen partzialaren erdia gaindituta, Super Amara Bera Berak gero eta gehiago handitu ditu aurkariarekiko aldeak, atsedenaldira zazpi goleko abantailarekin joateko.

Valladolidek dinamika aldatu du bigarren zatian, eta Amaia Gonzalez de Garibay eta Jimena Laguna izan dira Pucelako taldearen erreakzioa gidatu dutenak. Gaztelakoek lehen zatiko golen erdiak egin dituzte lau minutuan (15-19), baina orduan Super Amara Bera Berak, Esther Arrojeria jokalari bikainaren eskutik, gola sartu du Donosiako taldeari arnasa emateko.

Une horretan, lehia ireki egin da, eta bi taldeetako jokalariek distira egiteko tartea aurkitu dute. Amaia Gonzalez de Garibayk eta Irene Botellak Valladolideko taldearen erreakzioa bultzatu dute. Bisitarien aldetik, Esther Arrojeria sendo batek ez du maila jaitsi Super Amara Bera Berarentzat ukitzen zuen guztia gol bihurtzeko (11 gol). Arrojeriaren erakustaldia izan da Gipuzkoako taldearen garaipena gidatu duen itsasargia.