Alaves
EA Sports Liga
Alavesek porrot egin du Bartzelonan, irabazten hasi bada ere (3-1)
G. P. A. | EITB
Pablo Ibañezek lehen minutua bete baino lehen sartu du Alavesen gola. Alabaina, Hansi Flicken taldeak emaitza irauli du, Lamine Yamalek eta Dani Olmok sartutako golei esker.
-
Antonio Blanco eta Robert Lewandowski. EFE
Alavesek 3-1 galdu du Bartzelonaren aurka Spotify Camp Noun jokatu duen partida, Pablo Ibañezek lehen minutuan sartutako golarekin markagailuan aurretik ipini eta gero. Lamine Yamal eta Dani Olmo (2) izan dira Barçaren golegileak.
Norgehiagoka ezin hobeto hasi da babazorroentzat, lehen minutua bete orduko sartu baitu gola Pablo Ibañezek, korner batean ezustekoa emanda.
Hansi Flicken taldeak, baina, berehala erreakzionatu du, eta atsedenaldira joan aurretik irauli du emaitza. Lamine Yamalek sartu du 1-1ekoa, eta Dani Olmok egin du 2-1ekoa. Bi jokaldietan, Raphinhak eman du goleko pasea.
Aurretik, Alavesek gol gehiago sartzeko aukera ere izan du, baina Joan Garcia erabakigarria izan da, pare bat geldiketa ikusgarri eginda.
Bigarren zatian, baloiaren jabetza Bartzelonarena izan da, eta hirugarrena sartzeko aukera garbiak izan ditu. Ez ditu baliatu, eta neurketaren azken txanpan Alavesek aurrerapausoa eman du, berdinketa lortu nahian, eta Kataluniako taldeak sufritu egin du.
Hala ere, Olmok luzapenean egin du hirugarrena, eta hortxe bukatu da neurketa. Barça eraginkorra izan da, eta Alavesek hirugarren partida galdu du jarraian, lehiakorra izan bada ere.
0-1: Pablo Ibañezen gola
1-1: Lamine Yamalen gola
2-1: Dani Olmoren gola
3-1: Dani Olmoren gola

