Alaves
Larunbatean, 20:15ean
Alaves-Osasuna, sailkapenaren goialdean dauden taldeen arteko derbia
Erredakzioa
Mendizorrotzan jokatuko da partida, larunbat honetan, 20:15ean. Gorritxoak Adelante Ligako lidergoan daude, 16 punturekin. Alavesek 10 puntu ditu, eta sailkapeneko zazpigarren postuan da.
-
Alaveseko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EiTB
Alavesek eta Osasunak euskal derbia jokatuko dute larunbat honetan (20:15ean) Mendizorrotzan. Bi taldeak sailkapenaren goialdean daude, denboraldi hasiera ona egin ostean.
Osasuna Adelante Ligako liderra da, 16 punturekin. Gorritxoek bost partida irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu dute orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan. Alaves, aldiz, sailkapeneko zazpigarren postuan da, 10 punturekin. Arabako taldeak hiru partida irabazi ditu, beste hiru galdu eta bakarra berdindu du.
Mendizorrotzan jokatuko da derbia. Alavesek partida bat irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu egin du bere zelaian. Bigarren jardunaldian Oviedori 2-0 irabazi zion, laugarrenean 2-3 galdu zuen Mirandesen aurka eta seigarrenean golik gabe berdindu zuen Leganesen aurka (0-0).
Osasunak, aldiz, orain arte galdu duen partida bakarra etxetik kanpora galdu du. Nafarrek hiru partida jokatu dituzte etxetik kanpo. 0-2 irabazi zioten Llagosterari lehen jardunaldian, 2-1 galdu zuten Almeriaren aurka hirugarrenean eta 0-1 irabazi zioten Zaragozari bosgarren jardunaldian.
Talde gorritxoa bikain dabil kirol arloan, baina kirolaz kanpoko kontuetan 'Osasuna kasua' ari da egunotan protagonismoa hartzen. Archanco presidente ohiak eta orduko Zuzendaritza Batzordeko kide ohi batzuk epailearen aurrean deklaratzen ari baitira.
Bajei dagokienez, Alavesek jokalari garrantzitsu bat galduko du derbirako. Facundo Guichonek denboraldiko bosgarren txartel horia ikusi zuen Zaragozaren aurkako partidan eta ezin izango du larunbatean jokatu.