Itxi

Alaves

0-1

Alavesek porrot mingarria jaso du Espanyolen aurka

Erredakzioa

Epaileak balio gabe utzi du Deyversonek sartutako gol bat, Pachecok penalti jaurtiketa gelditu du, baina Gerard Morenok 81. minutuan sartutako golak eragin du Arabako taldearen porrota.

  • Alaves-Espanyol. Argazkia: EFE

    Alaves-Espanyol partidako irudia. Argazkia: EFE

Alavesek porrota jaso du Espanyolen aurka (0-1) Mendizorrotzan partidaren azken txanpan jasotako gol baten ondorioz. Etxean jarraian galtzen duen bigarren partida da.

Lehen zatia nahiko kaskarra izan da, eta oso abagune gutxikoa. Hasierako 45 minutuak oso parekatuak izan dira. Lehen abisua Espanyolek eman du 8. minutuan Pachecok aldendu duen jaurtiketa batekin. Alavesen erantzuna 25. minutuan iritsi da, baina Deyversonek Diego Lopez atezainaren eskuetara bidali du buruz egin duen errematea. Hiru minutu beranduago Espanyolek izan du lehen zatiko abagune onena; Reyesen falta jaurtiketa, ordea, langara joan da.

Bigarren zatian Alaves saiatu da partidaren erritmoa bizitzen, baina asko kosta zaio abaguneak sortzea. Espanyolek ere ez du gol aukerarik sortu. 56. minutuan Deyversonek baloia berreskuratu du Espanyoleko defentsako lerroari, baina ez du errematea egiterik izan. Norgehiagokako jokaldi polemikoa 67. minutuan iritsi da: Epaileak baliorik gabe utzi du Deyversonek Alavesentzat sartutako gola. Jokaldi eztabaidagarria eta oso zaila epailearentzat. Jokoz kanpokoa, muga-mugan egon da. Partida motel egon da hurrengo minutuetan, baina 78. minutuan Alavesek baloia galdu du defentsan, Piattik jaurtiketa egin eta Alexisek area barruan eskuarekin moztu du. Epaileak penaltia adierazi du Espanyolen alde. Gerard Morenok egin du jaurtiketa hamaika metroetatik eta Pacheco atezainak geratu egin du penaltia, Kataluniako taldearen gola eragotzita. Pozak, ordea, gutxi iraun dio Alavesi, hiru minutu beranduago, 81. minutuan, Gerard Morenok gola sartu baitu (0-1) area barruan egindako errematea sare barrura bidalita. Arabako taldeak oso gaizki defendatu du jokaldia. Azken minutuetan saiatu da Alaves berdinketaren gola sartzen, baina ez du abagunerik sortu eta punturik batu gabe geratu da Pellegrinok zuzentzen duen taldea.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Pacheco; Kiko Femenia, Alexis, Feddal, Raul Garcia; Marcos Llorente, Krsticic (Diego Torres, min. 76); Espinoza (Santos, min. 83), Camarasa, Theo (Ibai, min. 69); eta Deyverson.

1 - Espanyol: Diego Lopez, Victor Sanchez, David Lopez, Diego Reyes, Aaron; Hernan Perez (Melendo, min. 62), Javi Fuego, Jurado, Reyes (P. Diop, min. 68); Piatti eta Gerard (Caicedo, min. 82).

Goleak: 0-1, m.81: Gerard.

Epailea: Melero Lopez.

> Melero Lopez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Alaves