Itxi

Alaves

Errege Kopa

Alavesek bina berdindu du Deportivoren aurka

Eredakzioa

Arabako taldea 0-2 irabazten hasi da, baina Galiziako taldeak neurketa berdintzea lortu du bigarren zatian (2-2).

  • Juanfran eta Katai. Argazkia: EFE

    Juanfran eta Katai, Deportivo-Alaves partidan. Argazkia: EFE

Alavesek bina berdindu du (2-2) Deportivoren aurka Riazorren Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan eta kanporaketa Mendizorrotzan erabakiko da. 0-2 irabazten hasi da Arabako taldea, baina Gaizka Garitano entrenatzaile duen Deporrek neurketa berdindu du bigarren zatiko azken minutuetan.

Pellegrinok zuzentzen duen taldeak bikain ekin dio partidari, hirugarren minutuan lehen gola sartuta. Christian Santosek 0-1ekoa sartu du, eta maldan behera jarri zaio norgehiagoka Alavesi. Gola sartu ondoren defentsan lan egin behar izan du Arabako taldeak, izan ere, Deportivok erasora jo baitu. Galiziako taldeak berdinketa lortzeko abagunea izan du 11. minutuan, baina Arribasen errematea gora joan da. Gola sartzeko aukera urriak izan dituzte bi taldeek lehen 45 minutuetan. Alavesek bigarrena sartu ahal izan du 20. minutuan, baina Camarasa errematea egiteko prest egon denean Borgesek hanka sartu eta ez dio baloia kolpatzen utzi. Partida Arabako taldearen aldeko 0-1ekoarekin iritsiko dela atsedenaldira ematen izan du. 47. minutuan, ordea, epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi eta Edgarrek 0-2koa sartu du.

Bigarren zatiaren hasiera oso lehiatua izan da, eta talde bietako bat ere ez da baloiaren jabe egiteko gai izan. Ez Alavesek ezta Deportivok ez dute abagune argirik sortu azken txanpara arte. Norgehiagokako 73. minutuan, ordea, Bruno Gamak jokaldi bikaina egin eta 1-2koa sartu du Ortola atezaina gaindituta. Aldeak murriztu ostean erasora jo du Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak eta Joseluk berdinketa bere oinetan izan du; Deporreko aurrelariaren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da. 89. minutuan Ortola atezainak Albentosaren gola eragotzi du gelditu bikaina eginda, baina norgehiagokako azken minutuetan ezin izan du ezer egin Joseluren errematearen aurrean eta Deportivok partida berdindu du (2-2).

Fitxa teknikoa:

2 - Deportivo: Ruben; Juanfran, Arribas, Albentosa, Luisinho; Mosquera, Borges (Guilherme, min.61); Bruno Gama, Çolak (Oscar Pinchi, min. 61), Marlos Moreno (Borja Valle, min.72); eta Joselu.

2 - Alaves: Ortola; Kiko Femenia, Laguardia, Zouhair Feddal, Theo Hernández; Llorente, Krsticic (Dani Torres, min.88); Edgar Mendez, Camarasa (Raul Garcia, min.72), Katai (Ibai Gómez, min.76); eta Christian Santos.

Golak: 0-1, min.3: Christian Santos. 0-2, min.45+2: Edgar Mendez, penaltiz. 1-2, min.73: Bruno Gama. 2-2, min.93: Joselu.

Epailea: Hernandez Hernandez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Alaves albisteak