Itxi

Alaves

0-3, Vila-realen aurka

Alavesek punturik lortu gabe jarraitzen du

Erredakzioa

Arabako taldeak 0-3 galdu du Vila-realen aurka Mendizorrotzan eta punturik lortu gabe jarraitzen du Ligan. Aurkaria nagusi izan da, eta Zubeldiak zuzentzen zuen taldea ezinean ibili da.

  • Alaves-Vila-real. Argazkia: EFE

    Bojan eta Alvaro, Alavesek Vila-realen aurka jokatu duen partidan. Argazkia: EFE

Alavesek 0-3 galdu du Vila-realen aurka Mendizorrotzan eta laugarren porrota jarraian jaso du. Aurkaria nagusi izan da, eta merezita eskuratu ditu hiru puntuak. Ligako sailkapeneko azken postuan da Alaves lehen lau jardunaldiak jokatu ostean.

Arabako taldea baloiaren jabe egiteko asmoarekin zelairatu da, eta helburua lortu du hasierako minutuetan. Hala ere, kosta egin zaio Alavesi abaguneak sortzea, baina lehena sortu ostean hiru aukera handi izan ditu; Ibai Gomezen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da 20. minutuan, bi minutu beranduago Ibairen errematea Barbosa atezainak gelditu du Bojanen erdiraketa baten ostean, eta 24. minutuan Munirrek buruz egindako errematea gora joan da. Pixkanaka Vila-real hasi da Alavesen presioa gainditzen eta abagune askorik sortu ez duen arren, izan duen lehenengoan gola sartu du. Bakambuk area kanpotik egin du jaurtiketa, baloiak Alexisengan jo, eta sare barrura iritsi da Pacheco atezaina gainditu ostean (0-1). Atsedenaldira iritsi aurretik Alaves saiatu da berdinketa bilatzen, baina ezin izan du lortu.

Bigarren zatiaren hasieran guztiz maldan gora jarri zaio neurketa Luis Zubeldiak zuzentzen duen taldeari, 51. minutuan Baccak 0-2koa sartu baitu Vila-realentzat. Samu Castillejok jokaldi ona egin, Pacheco atezainak jaurtiketa desbideratu du, eta Baccak defentsei aurrea hartu die baloia sare barruan sartzeko. Bigarren golak min egin dio Alavesi eta ezinean ibili dira Zubeldiak zuzentzen dituen mutilak. Vila-real partidaren jaun eta jabe egin da, eta Castelloko taldeak 3-0ekoa sartu du Bakamburen bitartez. Ondorioz, partida guztiz erabakita utzi dute bisitariek. Gainera, talde bisitariak beste gol batzuk sortzeko abaguneak izan ditu; argiena Samu Castillejok izan du, baina bere jaurtiketak langa jo du. Amaieran, porrot mingarria Alavesentzat eta burua altxa ezinda jarraitzen du Gasteizeko taldeak.

Fitxa teknikoa:

0 - Deportivo Alaves: Pacheco, Vigaray, Alexis, Ely, Pedraza; Tomas Pina, Wakaso (Romero, min.57); Bojan (Sobrino, min.62), Medran, Ibai (Manu Garcia, min.84); eta Munir.

3 - Vila-real: Barboza, Rukavina, Alvaro, Victor Ruiz, Jaume Costa (Mario, min.74); Samu Castillejo; Manu Trigueros, Rodrigo, Fornals; Bakambu (Unal, min.78) eta Bacca (Cheryshev, min.89).

Golak: 0-1, m.32: Bakambu. 0-2, min.51: Bacca. 0-3, min.61: Bakambu.

Epailea: Jaime Latre.

ng>Jaime Latre.