Alaves
Larunbatean, 16:15EAN
Alaves puntu bila doa Valentziara, atzeko postuei begiratzeari uzteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abelardok jokatzeko moduan izango du azken partidan sorbaldan zituen molestia batzuengatik baja izan zen John Guidetti.
-
John Guidetti nahigabetuta, Kopako partidan aukera bat huts egin ostean. Argazkia: EFE
Alavesek jakin badaki bi porrot pilatu dituela azken bi jardunaldietan (Realaren eta Betisen aurka), aurreko partida askotan sailkapenean gora egiten egon ostean, batez ere etxean lortutako puntuei esker. Horrek jaitsiera postuetatik hamaika puntura aldentzea ahalbidetu die; aitzitik, hirugarren norgehiagoka segidan galduz gero, arazoak ager diezazkioke sailkapenean.
Alabaina, nahiz eta Abelardoren taldeak Mendizorrotzatik urrun jokatzen duen orotan lehiakor azaltzen den, emaitzak ez dira hain baikorrak izaten. Hartara, Vila-realen aurkako neurketa alde batera utzita (1-2), gasteiztarrek galdu egin dituzte kanpoan jokatu dituzten azken bost partidak.
Norgehiagoka honetarako, entrenatzaile asturiarrak ezin izango ditu Carlos Vigaray eta Alvaro Medran jokalariak erabili. Lehendabizikoa, lesioagatik; bigarrena, berriz, 'beldurraren klausula' daukalako, Valentziak utzita baitago talde babazorroan. Kontrara, azken partidan sorbaldan zituen molestia batzuengatik baja izan zen John Guidetti jokatzeko moduan egongo da.
Horrenbestez, 19 izango dira Valentziara bidaiatuko duten babazorroak: Wakaso Mubarak da berritasun nagusia, Bojan Krkicen lekua hartu baitu.
Larunbateko lehiak urtarrilaren hasieran bi talde horien artean jokatutako Errege Kopako kanporaketa ekarriko du gogora. Bai Mestallan, bai Mendizorrotzan emaitza 2-1 izan zen, eta Valentziak aurrera egitea lortu zuen penaltietara iritsi ostean.
Valentziari dagokionez, garaipena eskuratu nahi du Real Madrili hirugarren postua lehiatu ahal izateko. Izan ere, une honetan laugarren tokian dago, 56 punturekin eta bosgarren dagoen Sevilla hamaika puntura dauka. Vila-real da seigarren dagoen taldea, Valentziarengandik hamabi puntura.
Larunbaterako, Marcelinok Francis Coquelin frantziarraren baja izango du, larri lesionatu baita Valentziaren azken lan-saioan (Akilesen tendoia hautsi du). Santi Minak ere jokatu ezinda jarraituko du.
Balizko hamaikakoak:
Valentzia: Neto; Montoya, Garay, Murillo, Lato edo Gaya; Guedes, Kondogbia, Parejo, Soler; Zaza eta Rodrigo.
Alaves: Pacheco; Martín o Alexis, Laguardia, Ely, Duarte; Ibai Gomez, Pina, Manu Garcia edo Dani Torres, Pedraza; Munir eta Guidetti.
Epailea: Jose Luis Munuera Montero
Futbol-zelaia: Mestalla
Ordua: 16:15 horas