Itxi

Alaves

3-1

Alavesek derbia irabazi dio Athletici

eitb.eus

Arabako taldeak 3-1 irabazi dio talde zuri-gorriari Mendizorrotzan. Guidettik, Munirrek eta Ibaik sartu dituzte babazorroen golak eta Muniainek egin du talde bizkaitarrarena.

  • Alaves-Athletic (3-1). Argazkia: EFE

    Alaves-Athletic (3-1). Argazkia: EFE

Alavesek 3-1 irabazi dio Athletici Mendizorrotzan jokatu den euskal derbia. Arabako taldeak denboraldiko azken neurketa jokatu du bere zaleen aurrean eta garaipena eskaini die.

Lehen minutuetan Alaves izan da baloiaren jabe eta ondoren Athleticek izan du baloi-jabetza. Bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea. Gola sartzeko lehen aukera Athleticek izan du 20. minutuan, baina Williamsen jaurtiketak langa jo du. Neurketako 26. minutuan Pacheco atezainak erantzun ona eman dio Adurizen jaurtiketari eta gola eragotzi du; hurrengo jokaldian, ordea, Williams bakarrik geratu da Pachecoren aurrean eta pase oso txarra eman dio Adurizi, abagunea alferrik galduz. Partidako 40. minutuan Mikel Ricok zelaia utzi du lesionatuta eta 43. minutuan Alavesek 1-0ekoa sartu du Guidettiren bitartez; Kepak kale egin du pasea ematerakoan, baloia suediarrari iritsi zaio, eta gola sartu du.

Bigarren zatia nahasiagoa izan da, eta abagune gutxikoa. Alexisek berdegunea utzi behar izan du, min hartu baitu. Norgehiagokako 59. minutuan Alavesek bigarren gola sartu du; Munirrek gol ikusgarria sartu du (2-0), faltaz. Hiru minutu beranduago, zuri-gorriek aldeak murrizteko aukera izan dute, baina Aduriz ez da gutxigatik iritsi errematea egitera. Bigarren zatia parekatua izan da, baina Alavesek 3-0ekoa sartu du Ibai Gomezen bitartez; huts egin du defentsan Athleticek eta jokalari bizkaitarrak ez du barkatu Kepa atezainaren aurrean. Minutu bat beranduago, Muniainek 3-1ekoa sartu du Athleticentzat aldeak murriztu dituelarik. Azken minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagunerik izan, eta Alavesek lortu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

3 - Deportivo Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Maripan, Alexis (Wakaso, min. 53); Ibai Gomez, Tomas Pina, Manu Garcia, Alfonso Pedraza; Munir (Ely, min.85) eta Guidetti (Sobrino, min. 75).

1 - Athletic Club: Kepa, De Marcos (Cordoba, min.65), Unai Nuñez, Yeray, Iñigo Martinez, Saborit; Beñat, Mikel Rico (San Jose, min. 40); Muniain, Williams eta Aduriz.

Golak: 1-0, m.42: Guidetti. 2-0, m.60: Munir. 3-0, m.77: Ibai Gomez. 3-1, m-79: Muniain.

Epailea: Estrada Fernandez.