Alaves
Sanchez Pizjuanen, 18:30ean
Alavesek Sevillan agurtuko du ezin hobeto amaitu duen denboraldia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarren entrenatzaileak Aritz Castro bigarren taldeko atezaina sartu du 18 jokalariz osatutako deialdian.
-
Alavesek 1-0 irabazi zuen lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE
Alavesek eta Sevillak ez dute ezer jokoan larunbatean lehiatuko duten partidan, denboraldiari ahalik eta itxura onena emanez agur esatea baino ez. Meritu handiko urtea izan da gasteiztarrentzat, nahiz eta oso petral ekin zioten Ligari; alabaina, azkenerako, Lehen Mailari aise eutsi diote. Sevillarrentzat, berriz, Liga oso irregularra izan da, nahiz eta azken txanpan Europa Ligarako sailkapena lortu duen.
Hartara, babazorroek arrakastatsutzat jo daitekeen denboraldia agurtuko dute Sanchez Pizjuanen, Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan lortu baitzuten datorren urteko Lehen mailarako txartela. Eta lorpen hori, Abelardo entrenatzaileari zor zaio hein handi batean, bere eskutik talde gasteiztarrak 41 puntu erdietsi baititu 23 jardunaldiren buruan.
Gaurko partidari dagokionez, entrenatzaile asturiarrak ezin izango du hainbat jokalari erabili, lesionatuta baitaude. Egoera horretan daude, hain zuzen ere, Antonio Sivera, Ruben Duarte, Alfonso Pedraza, Alvaro Medran, Carlos Vigaray eta Alexis Ruano. Aipatutakoez gain, Abelardok ez ditu deialdian sartu Christian Santos, Hector Hernandez eta John Guidetti.
Ondorioz, gasteiztarren prestatzaileak Aritz Castro bigarren taldeko atezaina sartu du 18 jokalariz osatutako deialdian.
Babazorroek eurentzat zelai zailenetakoa dena, Sanchez Pizjuan, bisitatuko dute azken jardunaldian. Bertan, behin bakarrik irabazi dute: 1954/1955 denboraldiko zazpigarren jardunaldian (1-2), hain justu ere.
Guztira, Andaluziako hiriburura Sevillaren aurka aritzeko bidaiatu duten hamar aldietan zortzi porrot, garaipen bat eta berdinketa bat pilatu dituzte.
Sevillak, bere aldetik, bere zalegoari poztasun bat ematea du helburu bakarra, emaitza dena delakoa delarik ere zazpigarren bukatuko baitute. Horrenbestez, Joaquin Caparrosek ohiko hamaikakoan aldaketak egitea espero da.
Balizko hamaikakoak:
Sevilla: Sergio Rico; Layun, Nico Pareja, Kjaer, Arana; Geis, Roque Mesa; Sarabia, Nolito, Correa; eta Sandro edo Ben Yedder.
Alaves: Pacheco; Martin, Maripan, Ely edo Laguardia, Dieguez; Ibai Gomez, Dani Torres, Tomas Pina, Wakaso; Munir eta Demirovic.
Epailea: Carlos Del Cerro Grande.
Zelaia: Ramon Sanchez Pizjuan.
Ordua: 18:30