Itxi

Alaves

1921ean sortu zen

Alavesek 98. urte bete ditu bere historiako unerik onenean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Orain arte erdietsitako lorpenen artean azpimarragarriena 2016-17 denboraldian Kopako finalera sailkatu zenekoa dugu, Bartzelonaren aurka jokatu zuena.

  • Alavesen afizioa artxiboko argazkia.

    Alavesen afizioaren artxiboko argazkia.

Alavesek 98 urte bete ditu asteazken honetan, bere historiako unerik gozoenean. Izan ere, 32 puntu dituela ospatu du urteurrena Alavesek, Santander Ligako sailkapenaren bosgarren postuan. Inoizko lehen itzulirik onena egin du gorabehera handiko ia 100 urteren ostean, Bigarren Mailako liga hiru aldiz irabazi eta Kopa Federazio batean gailendu ostean.

98 urte horietan zehar, Alavesek ez ditu gauzak batere erraz izan, eta hainbat oztopo gainditu behar izan ditu aurrera egin ahal izateko, arazo ekonomikoak direla medio, desagertzear ere egon baita. Eta ez behin soilik, lautan baizik; azkena, Dmitri Piterman ukrainarrak klubaren ardura bere gain hartu zuenean, zor handia utzi baitzuen.

Talde babazorroa Sport Friend's Club taldetik sortu zen, eta hainbat mailatatik igaro ostean, 1929/30 denboraldian lortu zuen Lehen Mailara igotzea.

Gerora, likidazio arazoak eta jaitsierak iritsi ziren, baina beti izan du burua altxatzeko adorea, bai kirol arloan baita ekonomikoki ere, nahiz eta Erregional Mailaraino ere jaitsi.

Orotara, 98 urte hauetan, 14 denboralditan aritu da Lehen Mailan, 37tan egin du Bigarren Mailan, 12tan Bigarren B mailan eta 22tan Hirugarren Mailan.

Orain arte erdietsitako lorpenen artean azpimarragarriena 2016-17 denboraldian Kopako finalera sailkatu zenekoa dugu. Bartzelonaren aurka aritu zen, eta 3-1eko porrota jaso zuen.