Itxi

Alaves

Garaipena etxetik kanpo

Alaves Vila-reali gailendu zaio, Takashik bere lehen gola sartu duen partidan (1-2)

Agentziak | Erredakzioa

Arabarrek urrezko hiru punto lortu dituzte eta sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute. Maripanek eta Inuik egin dituzte Alavesen golak, eta Cazorlak Vila-realena.

  • Inui, Alavesen bigarren gola taldekideekin ospatzen

    Inui, Alavesen bigarren gola taldekideekin ospatzen. Argazkia: Efe.

Alavesek 1 eta 2 irabazi egin du Vila-realen aurka La Ceramica futbol zelaian jokatutako partida. Jokoaren kontrola etxeko taldeak izan du, baina Abelardo Fernandezen jokalariek hobeto aprobetxatu dituzte izandako aukera apurrak.

Emaitza horri esker, arabarrak laugarren jarri dira Ligako sailkapenean, beste taldeen partiden emaitzen zain.

Vila-realek baloia Alavesen zelaian lapurtu duenean bakarrik sortu du arriskua. Bacca kolonbiarrak izan du lehen aukera areaz kanpotik egindako erremate baten bidez, eta handik minutu gutxira Ekambik jokaldia egin du eta Baccari pase oso arriskutsua ematea saihestu du Laguardiak.

Lehen zatian arabarrek aukera bat bera ere sortu ez duten arren, bigarrenean gasteiztarrak gogo gehiagorekin atera dira. Lehen minutuetan, Borja Bastonek oso behartuta errematatu du arean izandako aldaratze bat, eta bi minutu geroago Maripanek ez du hutsik egin: Alaves aurretik jarri du korner baten ostean buruarekin eginda erremate baten bidez.

Berdinketa eta Inuiren gola

Baina pozak gutxi iraun dio Alavesi. Manuk baloia eskuarekin urrundu du area barruan eta, VAR laguntzaile teknikoari jarraituz, epaileak penaltia adierazi du. Cazorlak jaurti eta banakoa jarri du markagailuan.

Vila-realen jokoak hobera egin du baina orduan Alavesen bigarrena iritsi da. Pinaren pasea Jonyk hartu du, Alvaro atzean utzi eta bere pasea Inuik errematatu du, garaipenaren gola eginez. Azkenean, 1-2; puntuak Gasteizera joan dira.


Fitxa teknikoa

1. Vila-real: Asenjo, Mario Gaspar, Víctor Ruiz, Funes Mori (Chukweze, 75. min), Álvaro, Pedraza; Iborra, Manu Morlanes (Fornlas, 79. min), Cazorla; Bacca eta Toko Ekambi (Gerard, 64. min).

2. Alaves: Pacheco, Rubén Duarte, Maripán, Laguardia, Vigaray; Jony, Manu García (Pina, 71. min), Brasanac, Inui (Wakaso, 85. min); Borja Bastón (Burgui, 77. min) eta Calleri.

Golak: 0-1, m.54: Maripan. 1-1, 61. min: Cazorla, penaltiz. 1-2, 77. min: Inui.