Itxi

Alaves

Puntu banaketa

Alavesek puntu bat atera du Sanchez Pizjuan zelaian

Agentziak | Erredakzioa

Joseluk aurretik jarri du Asier Garitanoren taldea 71. minutuan eta Ocamposek banakoa egin du 76.ean, penaltiz.

  • Alaveseko Ximo Navarro eta De Jong, partidako jokaldi batean

    Alaveseko Ximo Navarro eta De Jong, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Alavesek aurre egin dio Sevillari eta gasteiztarrek bana egin dute Sanchez Pizjuan zelaian jokatutako 22. jardunaldiko partidan. Joseluk aurretik jarri ditu arabarrak baina minutu gutxi geroago Lucas Ocamposek berdinketa lortu du penaltiz.

Sevilla nahastuta ibili da lehen zatian, Alavesen bost gizoneko defentsaren aurrean. Andaluziarrei asko kosta zaie arriskua sortzea.

Julen Lopeteguiren taldeak abiadura eman dio bere jokoari, baina, hala ere, Asier Garitanoren taldeak ondo itxi ditu zulo guztiak eta kontraerasoan ateratzen saiatu da.

Horrela, minutuek aurrera egin dute, Pachecoren inguruan ez da arriskuko jokaldirik egon eta markagailuak hustean jarraitu du atsedenaldira arte.

Bigarren zatian, Alavesek bere horretan jarraitu du, andaluziarrak ezustean harrapatzeko zain.

Joselu izan da partidako lehen gola egin duena, Sevillak oso txarto defendatu duen geldikako jokaldi batean.

Bost minutu geroago, epaileak penaltia adierazi du Sevillaren alde, Ruben Duartek area barruan baloia eskuarekin ukitu duelako. Lucas Ocamposek jaurti du zigorra eta banakoa jarri du markagailuan.

Hortik aurrera, Sevilla bigarren gola egiten saiatu da, eta ondorioz zuloak utzi ditu atzean eta Alaves hori aprobetxatzen saiatu da, baina ez batzuk ez besteek ez dute gol gehiago egiten asmatu. Azkenean, 1 eta 1, eta puntu bana andaluziarrentzat eta arabarrentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Vaclík; Jesús Navas, Koundé, Sergi Gómez, Reguilón; Fernando, Jordán (Franco Vázquez, 51. min); Nolito (Suso, 51. min), Éver Banega, Ocampos; eta De John (En-Nesyri, 78. min).

1 - Alaves: Pacheco; Martín Aguirregabiria (Boja Sainz, 86. mi), Ximo Navarro, Laguardia, Magallán, Duarte; Manu García, Fejsa (Rioja, 58. min), Camarasa; Joselu eta Burke (Pere Pons, 58. min).

Golak: 0-1, 70. min: Joselu. 1-1, 77. min: Ocampos, penaltiz.