Itxi

Alaves

Smartbank Liga

Alavesek Leganesi irabazita hasi du denboraldia (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Arabarako taldea izan da markagailua ireki duen lehena Miguelen golarekin. Bigarren zatian, Leganesek neurketa berdindu du, baina Syllak garaipenaren gola sartu du Alavesentzat.

  • Alaves vs Leganes

    Alaves vs Leganes. Irudia: @Alaves

Alavesek ondo ekin dio Smartbank Ligari Leganesi etxetik kanpo irabazita (1-2). Garaipen landua bereganatu du Arabako taldeak Butarquen eta hiru puntuak eraman ditu.

Lehen zatiak erritmo motela eta etenaldi asko izan ditu. Hala ere, bi taldeek arriskua eraman dute aurkariaren ate ingurura. Lehen abagunea Leganesek izan du, baina falta baten ostean Nyomek egin duen errematea kanpora joan da. Handik gutxira, 19. minutuan, Nyom bera izan da protagonista, huts egin baitu baloia aldentzerakoan; bere akatsa Miguelek baliatu du gola sartzeko (0-1).

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Leganesek. Etxeko taldea abaguneak sortzen hasi da, eta neurketa berdindu du 68. minutuan; Naimen jaurtiketa Salva Sevillak desbideratu du, eta baloia ate barrura joan da (1-1).

Pozak, ordea, ez dio asko iraun Leganesi, Alavesek bigarren gola sartu baitu 75. minutuan; Cissek baloia galdu du zelai erdian, Gasteizko taldeak kontraerasoa antolatu du, eta Syllak 2-1ekoa jarri du markagailuan.

Azken txanpan Alavesek ondo eutsi dio Leganesi eta garaipenak ez dio ihes egin Arabako taldeari.

Fitxa teknikoa:

1 - Leganes: Dani Jimenez; Miramon, Nyom, Omeruo, Kravets; Cisse (Fede Vico, 80. min), Pardo, Shibasaki; Naim (Manu Garrido, 86. min), Arnaiz eta Juan Muñoz (Qasmi, 69. min).

2 - Alaves: Sivera; Arroyo, Abqar, Sedlar, Javi Lopez; Salva Sevilla (Toni Moya, 69. min), Benavidez, Guridi (Alex Balboa, 86. min); Alkain (Rebbach, 64. min), Rioja (Duarte, 86. min) eta Miguel (Sylla, 69. min).

Golak: 0-1, 19. min: Miguel. 1-1, 68. min: Naim. 1-2, 75. min: Sylla.