Itxi

Alaves

LaLiga Smartbank

Alavesek igoera play-offetako finala jokatuko du, Eibar mendean hartu ostean Mendizorrotzan (2-0)

A. B. E. | EITB Media

Gasteizko taldea nagusitu da armaginen aurkako igoera play-offetako finalerdietako itzuliko partidan 2-0eko emaitzarekin, eta joanekoa berdinduta amaitu zenez (1-1), babazorroek jokatuko dute finala Levanteren aurka.

  • Alaves - Eibar

    Abdek (Alaves) Eibarri gola sartu aurretik errematea egin duen momentua. Argazkia: EFE

Alavesek irabazi egin dio Eibarri 2-0eko emaitzarekin Lehen Mailarako igoera play-offeko itzuliko partida Mendizorrotzan ostegun honetan, ekainaren 8an, eta joaneko neurketa berdinduta amaitu zenez (1-1), Arabako taldeak finala jokatuko du Levanteren aurka.

Norgehiagoka bikain hasi da Alavesentzat lehen minutua bete orduko gola sartu baitu Gasteizko taldeak; Luis Riojak erdiraketa egin du hegaletik eta Abdek ate barruan sartu du baloia, errematearekin Luca Zidane atezaina gaindituta (1-0).

Neurketako lehen golaren ostean, Eibar egin da baloiaren jabe. Armaginak area kanpoko jaurtiketen bidez saiatu dira gola sartzen, baina Alaves sendo ibili da defentsako lanean. Gipuzkoako taldeak ekinean jarraitu du, eta 25. minutuan izan du abagunea; Rahmaniren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da oso gutxigatik.

Lehen ordu erdia gainditu ondoren, lehia parekatu egin da., baina atsedenaldira iritsi aurretik albiste txarra jaso du Arabako taldeak Salva Sevillak min hartu eta ezin izan baitu jokatzen jarraitu. Toni Moyak ordezkatu du Almeriako erdilaria.

Bestalde, Eibarrek 44. Minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Sivera atezainak desbideratu egin du Correaren jaurtiketa, erantzun ona emanda.

Bizi eta erasokor ekin diote bigarren zatiari bi taldeek, eta Eibarrek izan du lehen abagunea; Sivera atezainak, ordea, armaginen gola saihestu du. Partidako 64. Minutuan Aketxek egin du saiakera armaginen aldetik, baina bizkaitarraren jaurtiketa kanpora joan da.

Larri ibili da Alaves bigarren zatian, aurkariaren menpe. Hala ere, estuasunak pasata, Arabako taldeak erantzun egin du, eta Abdek alferrik galdu du bigarren gola sartzeko aukera, Zidane atezainaren aurrean geratu eta baloia langa gainetik kanpora errematatu ostean.

Azken txanpan erasora jo du Eibarrek, berdinketa lortzeko helburuarekin, baina ez du gola sartzeko aukera argirik eduki. Gainera, 88. minutuan, Alavesek partida erabakita utzi du Villalibrek sartutako golari esker (2-0); Gernika-Lumoko aurrelaria bakarrik egartu da Zidaneren aurrean, eta atezaina gainditu du jaurtiketa gurutzatuarekin.

Villalibreren golak erabakita utzi du partida eta kanporaketa. Azkenean, Alaves izan da garaile (2-0), eta Arabako taldeak finalerako txartela poltsikoratu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Alaves: Sivera; Tenaglia (Arroyo, 73. min), Aqbar, Sedlar, Duarte; Sevilla (Moya, 37. min), Blanco; Abqar, Guridi (Benavidez, 79. min), Rioja; eta Sylla (Villalibre, 72. min).

0 - Eibar: Luca; Tejero, Berrocal, Chema, Rober Correa (Nolaskoain, 69. min); Sergio Alvarez (Leschuk, 79. min), Matheus; Rahmani (Bautista, 46. min), Javi Muñoz (Aketxe, 46. min); Quique (Corpas, 56. min); eta Stoichkov.

Golak: 1-0, 1. min: Abde. 2-0, 88. min: Villalibre.

Epailea: Cordero Vega.