Itxi

Alaves

EA SPORTS LIGA

Alavesek Celta jipoitu du, Mendizorrotzaren mendeurrenean (3-0)

EITB MEDIA

Alavesek partida oso ona jokatu du, eta Celta hasieratik izan du mendean. Simeone, Guridi eta Benavidez izan dira golegileak. Garaipen honekin, babazorroek esku-ekura dute salbazioa.  

  • Giuliano Simeone, Alavesen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Giuliano Simeone, Alavesen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek 3-0 irabazi dio Celtari gaur arratsaldean, Mendizorrotzaren mendeurrenean, eta ia ziurtatuta dauka datorren denboraldian Lehen Mailan jarraitzea. Babazorroek sekulako partida egin dute, hasieratik amaierara, eta galiziarrek ez dute ezer egiteko aukerarik izan. Hiru golak bigarren zatian iritsi dira, Simeone, Guridi eta Benavidezen eskutik.

Luis Garcia Plazaren taldeak bizitasun handiz jokatu du hasieratik, eta aurkaria estu hartu du. Celta, berriz, baloia edukiz eta zirkulazio azkarrak eginda saiatu da presioa gainditzen.

Partidako jokaldi polemikoa 19. minutuan gertatu da. Carles Perez Alavesen area aurrean erorira da, Benavidezekin lehian, baina epaileak ez du faltarik adierazi, eta bere burua lurrera bota duela aurpegiratu dio Duartek. Une horretan, Celtaren hegaleko aurrelaria azkar zutitu da, Duarteri aurre eginez, eta Pulido Santanak txartel gorria atera dio.

Alabaina, VAReko epaileak hala eskatuta, epaileak jokaldia berrikusi du monitorean eta bere erabakia zuzendu du: txartel horia atera dio Carles Perezi, gorria beharrean.

Minutu nahasi horien ondotik, babazorroek arrisku handia sortu dute eta Kike Garciak bi gol aukera garbi izan ditu, baina Guaitak gelditu dizkio biak. Hain justu ere, Guaita atezaina izan da Celtaren jokalaririk onena lehen zatia.  

Golak bigarren zatian iritsi dira. Giuliano Simeonek lortu du Guaitaren atea lehen aldiz zulatzea. Kike Garcia eman dio pasea, aurrez baloia Minguezari lapurtuta.

Alavesen bigarrena 53. minutuan iritsi da. Minguezak, beste behin, huts egin du defentsan, baloia Guridik hartu du eta honek ez du hutsik egin Guaitaren aurrean.  

Markagailuan bi goleko aldea izan arren, Garcia Plazaren jokalariek erasoan jo eta ke jarraitu dute, hirugarrenaren bila. Galiziarrak, ostera, ez dira gai izan Siveraren ate inguruan arriskua sortzeko.