Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek hiru partida jokatu eta hirurak irabazi egin ditu, eta, gainera, lider dabil

G. P. A. | EITB

Athleticek eta Betisek partida bizia eta parekatua jokatu dute (1-2). Talde zuri-gorriaren lehen gola Marc Bartrak egin du, bere atean, eta bigarrena, berriz, Paredesek, buruz. Neurketaren amaieran iskanbila izan da, eta epaileak Ernesto Valverde eta Padilla kanporatu ditu.

  • Aitor Paredes gola ospatzen. EFE

    Aitor Paredes gola ospatzen. EFE

Athleticek 1-2 irabazi dio Betisi, Sevillan, eta, horrenbestez, liga hasiera honetan jokoan izan diren bederatzi puntuetatik denak bereganatu ditu; hortaz, lider dabil, Real Madrilekin batera.

Partida bizia eta parekatua izan da, eta golak bigarren zatian heldu dira. Talde zuri-gorriaren lehen gola Marc Bartrak egin du, bere atean, eta bigarrena, berriz, Paredesek, buruz. 

Neurketaren amaieran giroa gaiztotu da, eta epaileak Ernesto Valverde eta Padilla atezaina kanporatu ditu, txartel gorria aterata, aulkitik protesta egiteagatik.   

Lehen zatia erritmo handikoa eta ikusgarria izan da, eta bi taldeek izan dute gola egiteko aukera. Athletici dagokionez, Iñaki Williamsek izan du abagune garbiena, baina huts egin du, Valles atezainaren aurrean bakarrik zegoela. Aldaratzean, berriz, Sancetek kanpora bota du baloia, ozta-ozta izan bada ere.

Laster erantzun dio Betisek talde zuri-gorriari. Pablo Garciak jaurtiketa bortitza egin du area ertzetik, baina baloiak langa jo du, Aresok aldenduta.

Horrela, bada, eta partida bizia jokatu arren, husna joan dira bi taldeak aldageletara, eta dena bigarren zatian erabakitzeko utzi dute.  

Aldageletatik bueltan, erasokor zelairatu dira bi taldeak. Lehen minutuetan arrisku gehiago Betisek sortu badu ere, Ernesto Valverderen taldea aurreratu da markagailuan, Marc Bartrak baloia bere atean sartuta, Yurik egindako erdiraketaren ostean.

Hurrengo minutuetan etxeko taldeak aurrerapausoa eman du, berdinketa berehala lortu nahian. Athletic, baina, ondo aritu da defentsako lanetan, eta, gainera, bigarren kolpea eman dio Pellegriniren taldeari neurketaren azken txanpan.

Bigarren zatian zelairatu den Robert Navarrok erdiraketa bikaina egin du, eta Paredesek, buruz, baloia sarera bidali du: 0-2.

Luzapenean, partida amaitzear zegoenean, Bakambuk sartu du 1-2koa, Junior Firpok egindako erdiraketa baliatuta, eta partida berotu egin da.

Epaileak txartel horia atera dio Maroan Sannadiri, Natani ukondokada jotzeagatik; eta ondoren, txartel gorri bana atera die aulkian zegoen Padillari, baloia denbora galtzeko urruntzeagatik, eta Ernesto Valverderi, protesta egiteagatik.

Iskanbilarekin amaitu da neurketa. Eta partida bukatuta egon arren, epaileak txartel horia atera die Berenguerri eta Firpori, oldartu egin direlako.

Athleticek hirugarrenez irabazi du ligan, jarraian, baina ederto hasi den partida, itsusi bukatu da.