Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Real Madrilek erraz irabazi du San Mamesen, Athletic indarge ibili da eta (0-3)

EITB Media

Talde zuri-gorriak gogoz jardun du, baina Xabi Alonsok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da neurketa osoan zehar.

  • Mbappe bere lehen gola ospatzen, San Mamesen. Argazkia: EFE

    Mbappe bere lehen gola ospatzen, San Mamesen. Argazkia: EFE

Athletic ahul batek Real Madrilen aurka galdu du gaur, San Mamesen. Ernesto Valverderen taldea makal agertu da defentsan, eta izan dituen gol aukera apurretan ez du asmatu. Talde zuriak, ostera, Mbapperen gidaritzapean, ate aurrean asmatu egin du eta, oro har, nagusi izan da neurketan.

Athletic-Real Madril (0-3) neurketaren laburpena

Norgehiagoka Real Madrilen bi abagunerekin hasi da,eta Simonek bi-biak gelditu ditu. Lehenengoa Mbapperi gelditu dio, ate aurrean bakarrik zegoela, eta, bigarrena, Viniciusen areaz kanpoko jaurtiketa.

Galduta zebilen Athletic baten aurrean, lehen abisua eman ondoren, 6. minutuan, Mbappek ez du bere bigarren aukera huts egin: Defentsa zuri-gorri guztia atzean utzi eta Unai Simonen aurrean bakarrik geratu da, eta, jaurtiketa ona eginda, gola sartu du.

Mbapperen lehen gola

Athleticen lehen errematea, Guruzetaren eskutik, 13. minutuan gora joan da, lehen minutuetako olde zuriaren ostean. Jarraian, Viniciusek beste aukera bat izan du 18. minutuan, baina atezain arabarrak jaurtiketari erantzun bikaina eman dio.

Talde zuri-gorria jota zegoela zirudien, baina zuri-gorriek baloia lapurtu eta Nico Williamsek orpoz emandako pasearen ostean Guruzetak jaurtiketa egin du, area barruan (25. minutua). Courtoisek taldea salbatu du, baloia kornerrera bidalita.

29. minutuan, Courtois izan da berriro protagonista Berenguerren aurrean. Nafarrak area barrutik jaurti du, eta atezainak eskua atera du eta bikain geldiarazi du jaurkiketa.

Athleticek ez du abagune gehiagorik sortu lehen zatian, eta defentsan oso ahul jarraitu du. Horren erakusgarri izan da Viniciusek 33. minutuan egindako barneraketa: Baloia Simonen zutoinaren kanpoaldera bidali dueta aurrelari brasildarrak Murgiako atezainaren aurrean beste aukera bat (37. min) izan du.

Simonen lan bikainak, ordea, ezin izan du zurien bigarren gola eragotzi atsedenaldiaren atarian. Camavingak, buruz, area txikian zegoela, sarera bidali du erdiraketa bat, talde zuriak zuri-gorrien pasibotasunaren aurrean jokaldi luzea egin ostean (42. min).

Camavingaren gola

Atsedenaldiaren ostean, Jauregizarrek jaurtiketa bikaina egin du, eta Courtoisek kornerrera bidali du baloia (48. min). Handik gutxira, bi taldeetako jokalarien arteko liskar txiki baten ostean, Mbappek Madrileko hirugarren gola sartu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Frantziarrak eroso jaurti du, bakar-bakarrik zegoela (58. min).

Mbapperen bigarren gola

Norgehiagoka amaitu aurretik, Simonek beste geldiketa bikain bat egiteko tenorea izan du, eta Valverderen jaurtiketa bat geldiarazi du. Athleticen aldetik, Vesgak ere aukera argia izan du, baina alferrik galdu du.

- Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simon; Lekue (Areso, 46.m), Vivian, Laporte, Adama; Rego, Jauregizar (Vesga, 69.m), Galarreta (Unai Gomez, 46.m); Berenguer (Serrano, 69.m), Nico Williams (Selton, 78.m) eta Guruzeta.

3 - Real Madril: Courtois; Trent Alexander-Arnold (Asencio, 55.m), Militao (Brahim, 77.m), Rudiger, Carreras; Valverde, Tchouameni, Camavinga (Guler, 69.m), Bellingham; Vinicius (Rodrigo, 77.m) eta Mbappe (Gonzalo, 77.m).

Golak: 0-1, 7.m: Mbappe. 0-2, 42.m: Camavinga. 0-3, 59.m: Mbappe.

Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordea). Berenguerri (65.m) eta Regori (75.m) txartel horia atera die.

EA Sports Ligako 19. jardunaldiaren norgehiagoka aurreratuan 51.313 ikusle bildu dira San Mamesen.