Athletic Club
Prentsaurrekoa
Aduriz: 'Gauzak hobeto egin ditzakegula esateak lotsa ematen dit'
Erredakzioa
"Nire egoera, taldearen egoeraren modukoa da. Taldea ondo ez dagoenean, gainerakoak ez du baliorik", adierazi du Athleticeko aurrelariak.
Aritz Aduriz Athleticeko aurrelaria izan da protagonista Lezamako prentsa aretoan astelehen honetan. Taldea gaizki dagoela onartu du aurrelariak, eta bera gol asko sartzen ari den arren, taldea guztiaren gainetik dagoela aipatu du.
"Nire egoera, taldearen egoeraren modukoa da. Taldea ondo ez badago, gainontzeko guztiak ez du inongo baliorik", esan du Aritz Adurizek. "Askotan errepikatzen dugu, eta nekagarria da beti berdina esatea, baina partidaz partida joan behar gara.Ezin dugu etorkizunean pentsatu, horrek ez baitu ezertarako balio", gaineratu du Athleticeko aurrelari gipuzkoarrak.
Athleticek 22 gol sartu ditu Ligan, eta horietatik 11, Aritz Adurizek sartu ditu. Beste taldekideek golak ez sartzeak ez du Aduriz kezkatzen: "Golak sartzearena bolada kontua izaten da. Aurrealdean jokatzen duen edozein taldekide da golak sartzeko gai. Golak sartzeko gai diren jokalari asko ditugu talde honetan. Nire erronka ahalik eta gol gehien sartzea da, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko".
Aymeric Laporteren inguruan ere hitz egin du Adurizek. Athleticeko defentsa gazteak txartel gorria ikusi zuen Levanteren aurka, eta jokalaria triste dagoela esan du: "minduta eta triste dago txartel gorria ikusi zuelako. Baina hau ahaztu, eta aurrea jarraitu behar du. Ez genuen bere erruz galdu. Laporte oso jokalari ona da. Berak ikusi zuen txartel gorria larunbatean, baina hurrengo partida baten niri edo beste edozeini gerta dakioke halako zerbait".
Rayo Vallecano izango da Athleticen aurkaria datorren ostiralean. Madrileko taldeak astelehen honetan jokatuko du Getaferen aurka etxean, eta lau egun geroago San Mamesen jokatu beharko du. Ordutegiengatik kexu dira Vallecas aldean. "Normala da Rayok ordutegiengatik kexak izatea. Rayoren kexak errespetatzen ditut, partida asko beraientzat onuragarriak ez diren ordutegietan jokatu baitituzte", azpimarratu du Athleticeko golegile nagusiak.
Adurizek ez zuen taldea egoera honetan ikustea espero Athleticera iritsi zenean: "Talde berri batera zoazenean hobetzeko eta aurreko urtekoa gainditzeko asmoa izaten duzu. Athleticek iaz bikain jokatzen zuen, eta txundituta uzten ninduten joko bikain horrekin. Orain errealitatea beste bat da, eta hau irauli beharra daukagu".