Itxi

Athletic Club

Entrenamendua Lezaman

Boninirekin izandako liskarrari 'garrantzia' kendu dio Iturraspek

Erredakzioa

"Emaitzak txarrak direnean jakitera ematen diren gauzak dira. Anekdota bat izan zen, askotan pasatzen den lerdokeri bat", adierazi du erdilari zuri-gorriak.

0:36
Argazkia: EFE

Luis Bonini Athleticeko prestatzaile fisikoarekin liskarra izan zuen Ander Iturraspek Rayo Vallecanoren kontrako partidaren "atsedenaldian", ostiralean. Aldageleko istiluari "garrantzia" kendu dio gaur Iturraspek. Lehen zatia amaituta epaileari protesta egin nahi izan zion erdilariak, eta Boninik eragotzi egin zion.

"Emaitzak txarrak direnean argitaratzen diren gauzak dira. Anekdota bat izan zen, askotan pasatzen den lerdokeri bat", adierazi du Iturraspek.

"Ez zen partidaren amaieran izan, atsedenaldian baizik", azaldu du erdilari zuri-gorriak. "Taldearen kirol egoera dela-eta argitaratu dute", erantsi du Iturraspek.

"Harreman adeitsua"

Hala ere, Boninirekin duen "harremana oso adeitsua" dela argi utzi nahi izan du jokalari bizkaitarrak. "Bigarren zatian berarekin berotze ariketak egiten izan nintzen, eta berak ariketak agindu zizkidan, beraz ez dago arazorik", ziurtatu du.

"Aldageletako bidean jende asko dago eta ez dakit informazioa nondik atera den. Argitaratzea zaila da, baina ez du garrantzi handirik", gogoeta egin du Iturraspek.