Athletic Club
San Mamesen
Athleticek hobekuntza berretsi nahi du Atletico sendo baten kontra
Erredakzioa
Fernando Llorente larunbateko entrenamenduan lesionatu zen eta ezin izango du partida jokatu. Deialdian Igor Martinezek hartuko du aurrelariaren lekua.
Athleticek Ligan berriro irabaztea izango du helburu Atletico Madrilen aurkako partidan, igandean, 21:00etan San Mamesen. Benito Villamarinen erakutsitako jokoa berretsi nahi dute zurigorriek. Oso talde sendoa izango du aurkari, baina Falcao ez da egongo Madrilgo taldearen hamaikakoan.
Marcelo Bielsak Jon Aurtenetxe jarriko du ezker hegalean, eta Oscar de Marcosek Ander Herrerarekin batera jokatuko du, zelai erdian. Aymeric Laportek eta Borja Ekizak defentsaren erdialdean errepikatuko dute. Argentinarrak aulkian mantenduko du Fernando Amorebieta, Carlos Gurpegirekin batera.
Rosarioko entranatzaileak oraindik "zalantzak" ditu, eta Mikel San Jose jarri du Ander Iturrasperen ordez entrenamenduko taldean. Fernando Llorentek aulkian hasiko du partida, Juventusek fitxatu duela baieztatu den astean.
Atletico Madrilen ez dira egongo Falcao, lesionatuta, eta Gabi, zigortuta, baina taldera Juanfran eta Torres itzuliko dira.
Hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, Aurtenetxe; San Jose; Susaeta, Herrera, De Marcos, Muniain; eta Aduriz.
Epailea: Muñiz Fernandez (Asturias).
Llorenteren lesioa
Fernando Llorente: Jokalariak urtarrilaren 26ko arratsaldeko lan saioaren azken txanpan, zartadura izan zuen bere eskuin belaunean. Sintomatologiaren arabera kanpo-atzeko aldean kokaturiko lesioa dirudi. Gaur, hilaren 27an, ondoezak segitzen du eta deialditik at geratu da. Igor Martinez sartu da bere ordez.