Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Urrutia: 'Amorebietak ez dauka Athleticen eskaintzarik mahai gainean'

Erredakzioa

Athleticeko presidenteak esan duenez, Fernando Amorebietaren kontratua berritzeko prozesuan aldaketak egon dira, eta klubak eskaintza bertan behera uztea erabaki du.

10:17
Josu Urrutia

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak adierazi duenez, Fernando Amorebietak ez du Athleticen jarraituko ekainaren 30etik aurrera. Urrutiak Ibaiganen eman du prentsaurrekoa asteazken eguerdian.

"Amorebietaren inguruan aldaketak egon dira. Eskaintza egin genion, epea amaituta dago, eta ez dago Athleticen eskaintzarik mahai gainean", adierazi du Urrutiak. Klubak Amorebietari eskaintza kentzearen arrazoiak eman ditu Athleticeko presidenteak: "Amorebietaren ordezkariek proposamena onartu ez dutenean Athleticek atzera bota du bere garaian egindako eskaintza".

Athleticeko presidentearen ustez, Fernando Amorebieta jokalari interesgarria da klubarentzat, baina gauzak egoera honetan egonda, ezin dutela gehiago egin azaldu du: "Amorebieta jokalari interesgarria da Athleticentzat, baina gauzak horrela daude".

"San Mamesen zer gertatuko den ezin dugu esan. Pentsatzen dut gauza pertsonalak alde batera utziko direla", gaineratu du Urrutiak. "Aurten jokalarien kontratu berritzeekin emandako gertakariak orokortuko balira, sistema birplanteatu beharko genuke. Momentuz ez da orokorra, eta jokalari askok kontratua berritu dute", gogoratu du Athleticeko presidenteak.

Amorebietaren egoera azalduta, kontratua luzatu berri duen Aymeric Laporteri buruz ere hitz egin du Josu Urrutiak: "Athleticek beti egin izan ditu Laporte bezalako apostuak, hauxe da gure filosofia".

Taldearen egoera txarra zela gogoratu du talde zuri-gorriko presidenteak, baina egoerak hobera egin duela ere esan du: "Taldea dinamika arriskutsuan zegoen, eta berpiztu egin da. Sevillan partidu ona jokatu zuten, eta Atleticoren aurka ere oso ondo jokatu zuten. Zerbait lasaitu gara".