Itxi

Athletic Club

66. eta azken derbia

San Mamesek bere azken euskal derbia biziko du ostiralean

Erredakzioa

Athleticek eta Realak Katedralean jokatuko duten azken derbia izango da otsailaren 22koa. Zelai honetan jokatzen den 66. derbia izango da ostiralekoa.

  • San Mames

    San Mames eta zelai berriko lanak batzen dituen irudia. Argazkia: EiTB

Ostiral honetan, 21:30ean jokatuko da Athleticen eta Realaren arteko euskal derbia San Mamesen. Katedralean jokatzen den azken derbia izango da, 66. euskal derbia.

Derbi ahaztezinak bizi izan dituzte bi taldeek San Mamesen. Lehena, 1929ko apirilaren 28an jokatu zen, eta Athleticek 4-1 irabazi zion Realari. Txuri-urdinak hasi ziren irabazten Cholinen eta Kirikiren golei esker, baina zuri-gorriek partida irauli zuten Unamunok sartutako bi golekin, eta Juaninek (penaltiz) eta Mandalunizek sartutako gol banarekin.

Athleticen aldeko emaitza esanguratsuena, 1934-1935. denboraldian eman zen. Talde bizkaitarrak 7-0 irabazi zion Realari Bataren (3), Elicesen (2), Mandalunizen eta Kareagaren golekin. Realak San Mamesen lortu duen emaitza deigarriena, 1987-1988. denboraldian etorri zen. Txuri-urdinek 1-4 irabazi zioten Athletici. Begiristain (2), Bakero eta Loren izan ziren golegileak. Athleticen gola Aiarzak sartu zuen.

Bilbon gehien gogoratzen den derbietako bat, 1984ko apirilaren 29an jokatu zena da. Athleticek 2-1 irabazi zion Realari Iñigo Liceranzuk bukerarako hamaika minutu falta zirenean sartutako golari esker, eta zuri-gorriak Ligako txapeldun izendatu ziren. Horixe izan zen talde bizkaitarrak lortu zuen azken titulua.

1975eko derbia ere ondo gogoratuko dute zale zuri-gorriek. Jaitsiera postuetatik gertu zeuden, eta azken-aurreko jardunaldia zen. Reala 0-1 irabazten hasi zen Gazteluren golari esker, baina Carlos Ruiz Athleticeko azken 'pitxitxiak' sartutako bi golei esker Athleticek derbia irabazi, eta mailari eutsi zion.

Reala ere jaitsiera jokoan zegoela iritsi zen San Mamesera 2001. urtean. Ekainaren 16an jokatu zen derbian, txuri-urdinak nagusitu ziren 1-3ko emaitzarekin. Golak Jankauskasek, De Pedrok eta Idiakezek sartu zituzten. Hauxe izan zen Realak San Mamesen lortu zuen azken garaipena.

Azken hamabi urteotan Realak Katedralean eskuratu duen emaitza onena, 2006-2007 denboraldian lortu zuen. Bana (1-1) amaitu zen partida Adurizen eta Xabi Prietoren golekin. Urte horretan Bigarren Mailara jaitsi zen Reala. Athleticek 3-0 irabazi zuen 2002-2003, 2004-2005 eta 2005-2006 denboraldietan; 2-1 nagusitu zen 2001-2002 eta 2010-2011 denboraldietan; 2-0 irabazi zuten zuri-gorriek 2011-2012 denboraldian.

Guztira 65 euskal derbi jokatu dira San Mamasen, eta horietatik: 37 irabazi ditu Athleticek, 11 garaipen lortu ditu Realak, eta 17 norgehiagoka berdinduta bukatu dira.