Itxi

Athletic Club

1-1 Celtaren aurka

Gehiegi barkatu du Athleticek

Erredakzioa

Zuri-gorriak ez dira bigarren zatian partida erabakita uzteko gai izan, eta puntu batekin konformatu behar izan dute. Aspasek egin du banakoarena, 83.ean.

  • Athleticek puntu bat eskuratu du Balaidosen. Argazkia: EFE

    Athleticek puntu bat eskuratu du Balaidosen. Argazkia: EFE

Puntu bat eskuratu du Athleticek Celtaren aurka, Balaidosen jokatutako partidan (1-1). Bigarren zatian, gehiegi barkatu dute zuri-gorriek eta berdinketarekin konformatu behar dute. De Marcosek egin du bilbotarren gola, eta Iago Aspasek banakoarena.

Gol aukera ugarikoa izan da Balaidosen jokatutako lehen zatia. Zuri-gorriek hasi dute partida hobeto, eta aurreneko abisua Aritz Adurizena izan da 5. minutuan. De Marcosek, 9.ean, eta Iturraspek, 13.ean, markagailua estreinatzeko abagune onak izan dituzte, baina arabarrak kanpora bidali du baloia, eta Abadiñokoak langara bidali du, buruz.

Baina minutuek aurrera egin ahala, partida orekatu da, eta Celta izan da arrisku gehien sortu duen taldea. Une horretara arte ia desagertuta egon den Iago Aspasek lana eman die Athleticeko atzelariei eta baita Gorka Iraizoz atezainari ere. Athletic indarrik gabe aritu da lehen zatiko azken minutuetan, baina kontraeraso on batean gola egin du Oscar de Marcosek. Adurizek penalti puntuan jarri dio baloia, eta arabarrak Varas gainditu du.

Bigarren zatiaren hasiera eroa izan da, eta atsedenik gabe, arriskua izan da nagusi area bietan. Baina hurrengo minutuetan partida erabakita uzteko hainbat aukera paregabe izan ditu Athleticek. Gol aukera garbienak Ibairentzat eta Adurizentzat izan dira, baina baloiak ez du marra gainditu.

Amaierara heltzeko hamabost minuturen faltan, Fernando Llorente zelairatu da Aritz Adurizen ordez, eta justu momento horretan partida berdintzeko zorian izan da Mario Bermejo. Baina banakoaren Iago Aspasek egin du, 83. minutuan, erremate gurutzatu bati esker.

Zuri-gorriek ezin izan dute matematikoki salbazioa ziurtatu, eta itxaron beharko dute. Hurrengo larunbatean, Mallorca hartuko dute San Mamesen, 16:00etatik aurrera.

Fitxa teknikoa:

1 - Celta Vigo: Javi Varas; Jonny, Vila, Tuñez, Bellvis; Borja Oubiña, Madinda; Augusto Fernandez (Toni, 76'), Alex Lopez (Orellana, 60'), Krohn Dehli (Bermejo, 67'); Iago Aspas.

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Aurtenetxe; Gurpegui; Susaeta, De Marcos, Iturraspe (Ibai, 59'), Muniain; Aduriz (Llorente, 76').

Golak:

0-1 De Marcos, 42';

1-1 Iago Aspas, 83';

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en