Itxi

Athletic Club

0-3, Atletikoren aurka

Urtebete, Athleticek Europa Ligako finala galdu zuenetik

A.B.

2012. urteko maiatzaren 9an jokatu zuen talde bizkaitarrak Europako bigarren txapelketa garrantzitsueneko finala Bucaresten, eta 3-0 galdu zuen Atletico Madrilen aurka.

  • Muniain, etsita, Atletico Madrilen kontra jokatutako finalean. Efe.

    Muniain, etsita, Atletico Madrilen kontra jokatutako finalean. Efe.

2012ko maiatzaren 9an Athleticek Europa Ligako finala galdu zuen Atletico Madrilen aurka (3-0) Bucaresten, eta ostegun honetan (2013ko maiatzaren 9an) bete da final horren urteurrena. Athleticek Europako txapeldun izateko aukera izan zuen, baina talde zuri-gorriak kale egin zuen.

Denboraldi bikaina, historikoa, borobiltzeko aukera izan zuen Athleticek Europa Ligako finala irabazita. Bielsak zuzentzen zuen taldeak liluratuta utzi zituen Europa eta mundua futbolera bikain jokatuta, eta Europako talde handiak txapelketatik at utzita. Multzoen fasean aise nagusitu zitzaion PSGri, eta kanporaketetean Lokomotiv, Manchester United, Schalke 04 eta Sporting Portugal kanporatu zituen. Manchester Uniteden eta Schalke 04ren aurka jokatutako kanporaketak izango dira gogoratuenak aurkariek zuten izenagatik, eta Athleticek talde horien aurka eman zituen erakustaldiengatik.

Horrela, finaleko eguna iritsi zen, eta milaka zale zuri-gorri Bucarestera iritsi ziren. Errumaniako hiriburuko alde zaharra kolore zuri-gorriz jantzi zuten Athleticeko zaleek, eta giroa bikaina izan zen. Iluntzean, ordea, zelaira joateko ordua iritsi zen.

Bi taldeak zelaira sartu, eta Europa Ligako ereserkia entzuten zen estadioan. Partida hasi zen, eta hortxe amaitu zen Athleticeko zaleen ilusioa. Takdeak partida kaskarra jokatu zuen, eta Atletico Madril askoz hobea izan zen. Falcaok 1-0ekoa sartu zuen 7. minutuan, eta 34. minutuan finala ia erabakita utzi zuen kolonbiarrak 2-0koa sartuta. Bigarren zatian ere, ezienean ibili zen Athletic. Bielsak zuzentzen zuen taldeak ez zuen garailearen izaera azaldu, eta Atletico Madrilek festa biribildu zuen 30ekoa sartuta. Diegok sartu zuen hirugarren gola, 85. minutuan.

Azkenean, 3-0eko emaitzarekin galdu zuen Athleticek, eta etsipena nagusitu zen Athleticeko zaleen artean.