Athletic Club
Lezaman
Iraizoz eta Ekiza baja izan dira entrenamenduan
Erredakzioa
Atezain zuri-gorriak minarekin bukatu zuen Zorrillako partida, eta erdiko defentsa lesionatuta dago. San Josek berreskuratze ariketak egin ditu.
-
Borja Ekiza baja izan da astelehen honetako entrenamenduan. Argazkia: EiTB
Gorka Iraizoz eta Borja Ekiza izan dira Athleticek astelehen honetan Lezaman egin duen entrenamenduan izan diren baja bakarrak. Atezainak minarekin bukatu zuen Valladoliden aurkako partida, eta erdiko defentsa lesionatuta dago. Mikel San Jose min hartuta dago, baina astelehen honetan berreskuratze ariketak egin ditu Xabi Clemente prestatzaile fisikoarekin.
Valladoliden aurka hasieratik jokatu zuten jokalariek ariketa fisikoak egin dituzte, eta gainerakoek 90 minutuko partida bat jokatu dute. Athleticek entrenamendua egingo du astearte honetan Lezaman, eta asteazkenean Anoetan egingo du lan saioa, ostiralean bertan jokatuko baitu Osasunaren aurka.
Anoetarako autobusak: Athleticen oharra
Abuztuaren 23an, ostiralean, Athletic Club-CA Osasuna, Anoetan jokatuko den Ligako bigarren jardunaldiari dagokion partida ikusteko asmoa baieztatu duten bazkideak Anoetara garraiatzeko autobusak hilaren 23an, 13:00etan hasita irtengo dira BECeko autobús geltokitik (Ansioko Metroaren irteeran). Azken autobusa 20:00etan irtengo da.
Athleticen lehen asmoa autobusak Zorrotzaurretik abiatzea zen, baina data eta Aste Nagusia bat etortzen direnez gero, udaleko trafiko arduradunek ez dute baimenik eman.
BECera itzulera partida amaitu ostean egingo da, autobusak Donostiara helduko diren leku beretik, hau da, Illumbetik, Anoetatik oso gertu.
EZINBESTEKOA DA partidarako sarrera aurkeztea autobusera sartu ahal izateko, eta joaneko bidaian joan direnei soilik bermatuko zaie itzulerako bidairako lekua. BECen Metro Bilbaok ezarri duen tren maiztasuna, hamar minutukoa izango da.